Maria Ubarretxenak gaineratu du akordioa izango dela euren ardatz nagusietako bat: "Arrasatearren beharrei aurre egiteko eta herritarren zerbitzura egoteko lan egitera gatoz. Parte hartzea, gardentasuna eta gertutasuna izango dira, batez ere, gure eguneroko lanaren oinarri. Guztion artean eta guztiekin lan egiteko gertu gaude". Izan ere, jeltzaleen helburua da Udal "sendo eta egonkor" bat lortzea Arrasaterendako.
Bilera erronda
Eta zerrenda bozkatuena direnez, bilerak hasiko dituzte gainerako taldeekin: "Udalean ordezkaritza duten beste talde guztiekin elkartuko gara, boto gehien jaso dutenetik hasi eta gutxien jaso dituztenekin amaitu arte". Aste honetan bertan EH Bildurekin elkartuko dira eta gero PSE-EErekin, Baleikerekin eta Irabazirekin. Azkenik, Ubarretxenak adierazi du Udal "sendoa, plurala eta parte hartzailea" lortzeko egingo dutela lan: "Sentsibilitate ezberdinak dituen Udal bat gura dugu eta horregatik oso irekita gaude talde guztiekin lan egiteko".