Bultzada berria Nepalen aldeko kanpainari

Goiatz Arana Begiristain 2015ko mai. 27a, 17:27

Apirilean lehen lurrikara izan zenetik, Debagoieneko nepaldarren komunitateak elkartasuna adierazteko eta dirua batzeko hainbat ekintza egin ditu, baina laguntza premia izugarria da; zer esanik ez, erreplikek oraindik ere jarraitu egiten dutela ikusirik. Horregatik, gure artean dauden nepaldarrek lanean jarraituko dute datozen hilabeteetan ere euren herrikideei laguntzeko.

Konfirmatutako 8.650 hildako, 16.800 zauritu eta etxerik gabe geratu diren 323.000 pertsona. 8,1 milioi pertsona giza laguntza beharrean; eta 3 milioi baino gehiago, jatekorik gabe.

Horiek dira azken bi hilabeteetan Nepal astindu duten lurrikarek utzitako datuak, eta Debagoienean bizi diren 26 nepaldarrak kaltetuei laguntzeko ekintzetan murgilduta dabiltza orduz geroztik: kandelak piztu, Udal ordezkariekin batzartu, euren herrialdea ezagutarazteko jakien dastatzea egin, dirua batzeko mahaiak ipini… Askotariko ekintzak eraman dituzte aurrera eta 4.225 euro batzera ailegatu dira.

Dirua, Maiti Nepal GKErentzat

Nazioartean ezaguna den eta haur eta emakumeak sexu trafikotik erreskatatzeko helburua duen Maiti Nepal gobernuz kanpoko erakundeari emango diote dirua; lurrikaren ondotik, umezurtz geratu diren neskatilak jasotzen ari dira.

Baina lurrikaren erreplikek jarraitu egiten dute eta laguntza gehiagoren beharrean daude. Horregatik, datozen hiletan ere dirua batzeko ekintzekin jarraituko du Debagoieneko nepaldarren komunitateak:
 
  • Bi kontu korronte ireki dituzte (Laboral Kutxa: ES47 3035 0047 15 0470075366. Kutxabank: ES19 2095 5055 50 9114962512).
  • Domekan, eguraldiak laguntzen badu, Arantzazun egongo dira.
  • Asmoa da ekainaren 4an Bergaran eta Eskoriatzan egotea, pintxo pote orduetan.
  • Sare sozialen bitartez ere adierazi daiteke elkartasuna: #GeuEreNepalekin.
  • ...

Eskerrak eman dizkiete babesa adierazi dieten elkarteei eta diruz lagundu dieten Ausolan enpresari eta Arrasateko eta Aretxabaletako udalei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak