Arrosa gorriak baino euria izan da nagusi gaur goizean; hala ere, alderdi sozialista ez da kikildu eta herritarrengana gerturatu da arrosak banatzera euren botoa lortzeko asmoz. Denis Itxaso, Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaia, Oscar Gartzia, Arrasateko alkategaia, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSEren bozeramailea, Blanca Roncal parlamentaria eta Miren Lana, Aretxabaletako alkategaia izan dira.
Aurreko hauteskundeetan alderdi sozialistak izan zuen porrota herritarrak etxean geratu zirenaren ondorio izan zela adierazi du Itxasok. Hori horrela, oraingo momentu hau aprobetxatu behar dela azpimarratu du eta aurten herritarrak altxatzera animatu gura izan ditu sozialisten ahaldun nagusirako hautagaiak.
Bestalde, Oscar Gartziak, Arrasateko PSEren alkategaiak, indartsu ikusten du alderdi sozialista datozen Udal hauteskundeei begira.