Agintaldia agurtzeko osoko bilkuran, aho batez onartu da Plan Orokorra

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko mai. 12a, 19:35

Udalbatza disolbatzeko aktak onartzeko osoko bilkuraz gain, gaurkoa (martitzena) izan da agintaldiko azken osoko bilkura Arrasaten. Amaieran udal talde guztietako bozeramaileek agintaldiaren balorazioa egin dute, eta hitza hartu duten lau zinegotziek zein alkateak positiboki baloratu dituzte azken lau urteak. Gai zerrendari dagokionez, erabaki garrantzitsuena izan da Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren agiria behin behinekoz onartu dela, aho batez. 

Inazio Azkarragaurizar alkateak esker on hitzak izan ditu osoko bilkuraren amaieran: "Osoko bilkura garrantzitsua izan da, aho batez onartu dugu-eta Plan Orokorra. Bestalde, eskerrak eman gura dizkiet herritarrei, udal langileei, Udal Gobernuari eta parte hartu duen oposizioari. Gai garrantzitsuenak adostasunarekin atera dira aurrera. Elkarrizketaren bidez adostasuna lortzea da garrantzitsuena eta hori guztion meritua da. Agintaldi baikorra izan da". 

EAJko Maria Ubarretxenak ere positiboki baloratu du azken agintaldia: "Udal taldeen arteko elkarlana ona izan da, eta azken agintaldietako baketsuenetarikoa. Normalizazio politikoa izan da ardatz eta hori ona izan da guretako zein herritarrendako; gustatuko litzaidake bide horretan jarraituko bagenu". 

Azkenik, 28 urtez jarraian zinegotzi izan den Paco Gartziak argiak eta itzalak ikusi ditu: "Nire azken agintaldia izan da Arrasaten. Agintaldi positiboa izan da, azkenean lortu dugulako indarkeriarik gabe bizitzea. Errespetuan oinarritu da udal taldeen arteko jarduna. Hainbat izan gara hori horrela izateko lan egin dugunok, eta azkenean lortu dugu. Bestalde, kudeaketari dagokionez asko hobetu zitezkeen gauzak; ea hurrengo udalbatzak heltzen dizkien Arrasatek dituen arazoei". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak