"Krisiak kaltetutako herritarrak bereziki babesteaz gain, herritarrei estaldura soziala bermatzea da erakunde publikoen eginbeharra" adierazi du EH Bilduk. Eta hori da bere esanetan, hain zuzen, koalizioak azken legealdian gobernuan egon den udaletan zein Gipuzkoako Foru Aldundian egin duena.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Gipuzkoa Euskal Herrian aberastasuna hobekien banatuta duen lurraldea da, zerga bilketan aberatsei ahalegin bat eskatu eta okerren daudenak babestu dituztelako; horregatik guztiagatik, babes sozialaren eremuan Gipuzkoa erreferente bilakatu dutela adierazi dute.
Bestalde, PP eta PNVren politikak kritikatu dituzte, murrizketa sozialen ondorioak herritarrak sufritzen ari direla azalduz. Hainbat kontu leporarazi dizkiote koaliziokoek bi alderdiei: Osakidetzaren eta hezkuntza publikoaren gaurko "egoera kaxkarra" dela, etxebizitzarako eskubidea beharrezkoa dela eta Jaurlaritzaren laguntzak urtea amaitu aurretik bukatuko direla.
"PP eta PNVren eredu atzerakoi eta eskumakoaren aurren, EH Bilduren eredua, Gipuzkoako eredua, ongizatearen erreferente bilakatu da: estatuko langabezia tasa txikienarekin,; kalitatezko zerbitzu publikoei eutsiz; eta krisiak kaltetutako herritarrak babesten dituena" defendatu du bere burua Debagoieneko EH Bilduk.
Sakontzeko puntuak
Hala ere, oraindik bidea egiteke dutela adierazi dute koaliziokoek eta ondorengo puntuetan sakonduko dituztela euren indarrak esan dute:
- Murrizketa sozialik ez, zerbitzu publiko eta sozialak bermatzeko.
- Zaintza lanetan ari diren ehunka familiak zaindu.
- Pertsonen autonomia sustatu eta dependentzia prebenitzeko programak garatu.
- Etxeko Zaintza Zerbitzua indartu.
- Debagoieneko Mankomunitatea erabiliko dute udalek eskaintzen ez dituzten zerbitzu eta programa berriak sortzeko.
- Jaurlaritzak emergentziako laguntza sozialak ordaintzeari uko egin ezkero, EH Bilduk konpromisoa hartuko du horiek ordaintzeko.
- Debagoieneko ospitaleak zerbitzu guztiak emango ditu.
- Herritar guztiek osasun zerbitzuetara sarbidea izateko eta botiken berrordainketa indargabetzeko lanean jarraituko dute.
- Lomce ez aplikatzeko eta hezkuntza eskubidea herritar guztien eskura jartzeko bidea egingo dute.
- Etxebizitza eskubidea izateko, Jaurlaritzan onartu berri den legea praktikara eramaten dela zorrotz zainduko dute.
- Kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeak ehunka lanpostu sortuko dituela esan dute.
Hori horrela, eskubide sozialak eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko aukera bakarra moduan aurkezten du bere burua koalizioak, datorren hilaren 24ra begira.