Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Xabier Olanok EAJri kritika gogorrak egin dizkio EH Bilduren Arrasateko ekitaldi politikoan

Marijo Deogracias 2015ko mai. 9a, 21:30

EHBilduk herriko plazan egin du hauteskunde kanpainako lehenengo ekitaldi politiko nagusia. Eneko Barberena alkategaiak, zerrenda kideez inguratuta, udal programako oinarri nagusiak azaldu ditu. Biteri plazan azoka eraiki nahi dutenei, "eurek ere ezinezkoa dela badakitela" leporatu die.

Iraitz Agirrek gidatuta, "Hari gara" leloaren inguruko azalpenek hartu dute Arrasateko EHBilduren kanpaina ekitaldiaren hasiera. Hezkuntza, harreman parekideak, euskara, ingurumena eta horrela, gai bakoitzeko hari bat eskegi dute eszenatoki ondoan ezarri duten udala irudikatzen zuen argazkitik.

Ostean, Eneko Barberena alkategaiak hartu du hitza eta udal programa osatzen lagundu duten 80 herritarrei, zerrendara gehitu diren kideei eta udaletxeko zinegotziei eskerrak eman dizkie. Mitinean adierazi duenez, programa parte-hartzailea egin dute eta dagoeneko herriko 49 eragile eta talderekin elkartu direla azaldu du eta asmoa badutela diren ia 100 talderengana iristeko. "Primero la gente baita", adierazi du Barberenak, Negu Gorriak El Salvadorren egin zuen bira gogora ekarriz.

Azoka Biterin ez

Zehaztasunetara etorrita, Biteri plazan azoka hartuko lukeen eraikina jartzeko asmoaz esan du, "gasolindegia egin zutenek ere badakite plaza horren gainean ezin dela ezer eraiki". Bere iritziz, "maniobra elektoral hutsa" da azoka lekuz aldatzeko proiektua saldu nahi izatea. Gainera, "Biteri estaltzen badugu, kanpo jarduerak egiteko aukera galduko genuke". Hala ere, onartu du azoka plaza txiki geratu dela eta horri irtenbide bat emateko konpromisoarekin aurkezten direla udal hauteskundeetara, baina "denon artean erabakitako proiektua gauzatzeko".

Euskararen aldeko aldarrikapena ere egin nahi izan du EHBilduren alkategaiak, eta Eibar futbol taldeko Garitano entrenatzailearen jarrera ekarri du gogora, Urkixoren aurrean Arrasate libre bat eraikitzea baita helburua.

EAJri kritika

Xabier Olano ahaldun nagusi izateko Gipuzkoako hautagaiak, Barberenaren garaierari keinu eginez hasi du bere interbentzioa. Altzakoa, bere herrikoa, zela ezagutzen zuen erraldoia, baina konturatu dela Arrasateko hurrengo alkatea dela erraldoia.

Segidan, jeltzaleen kontra jo du Olanok eta "Bilduk aurreko 4 urtetan egindako proiektua zapuztera datorrela" salatu du, "PSEren eta PPren laguntzarekin eta eliteen eta lobien babesarekin". Are, gehitu du, jeltzaleek ez dutela erabakitzeko eskubidearen aldeko gobernuak osotzearen alde egin nahi eta horren adierazle dela PSEri ez diola inolako baldintzarik jarri, elkar ulertzeko hauteskunde ostean. "Edozer gauza adosteko prest dago EAJ, EHBildu gobernutik kentzeko", gehitu du.

Ekitaldia talde argazkiarekin amaitu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak