Juan Luis Merinok, Irabaziren Arrasateko alkategaiak, "emergentzia sozialeko" lau arazo izendatu ditu lehentasun bezala, Udalaren partetik "beste tratamendu bat" behar dutenak: "instituzioaren gardentasuna" herritarrekiko; "benetako parte-hartzea", orain ez ei dagoena, eta horretarako "herritarren parte-hartzerako araudi bat" egitea proposatzen du, "aurrekontu parte-hartzaileak" egiteko, inbertsioak herritarrek erabaki ditzaten; Fagorreko gaiarekin kaltetutako "langileekin bat egin" eta irtenbide bila "lidergoa" hartzea, ez dutelako, Merinoren hitzetan, halakorik egin egungo udal gobernuak eta alkateak.
Kulturateko agerraldia, baina, laugarren arazoari eskainitakoa izan da, ia osotasunean. Irabaziren Arrasateko alkategaiak adierazi du, gaur egun, hogei kasu dituztela esku artean Debagoieneko Kaletartzeak Stop plataforman. Horrez gain, IRPH delako erreferentzia tipoa dela-eta beste 50 pertsonaren kontsultak jaso ei dituzte.
Merinok ondorengo neurriak proposatu ditu, etxebizitza alorrerako: etxebizitza hutsen parkea sortzea Arrasaten; Alokabideri eskatzea alokairuaren zenbatekoa ez dadila izan familiaren diru-sarreren %30etik gorakoa; banketxeei praktika onen kodea bete dezaten eskatzea; gehiegizko klausulen kontra egitea; IRPHarekin banketxeek irabazi duten dirua itzul dezaten eskatzea; pobrezia energetikoaren aurka egitea; Kutxabanken izaera publikoa defendatzea; Udaleko gizarte gastua eta laguntzetarakoa gehitzea.
Alkategaiaren berben ondoren, Begoña Barrutia abokatuak hartu du hitza. Adierazi du Espainiako gobernuen politikek etxebizitza jabegoan eduki nahi izatera bultzatu dituztela herritarrak, alokairuaren kaltetan, familien zorpetzea eta gaur egun hipotekekin dagoen arazoa sortuz. 30 urtean (hipoteka baten ohiko iraupena izan daitekeena) familiaren diru-sarreren %50etik gora etxebizitza erostera bideratu beharra salatu du, eta hipoteketako gehiegizko klausulak izendatu eta haien kontra egin du. Ordaindu ezin dutenen kasuan erantzukizun osoa euren gain jarri izan dela, baina banketxeek ere badutela argi utzi du.
Dena dela, ataka honetatik irten daitekeela utzi nahi izan du argi Barrutiak; eta hori kaleratzeen kontrako plataformetako kaltetuen eta boluntarioen lanari esker dela horrela gaineratu du. Lortu omen da, adibidez, hipotekaren ordaindu gabeko hiru kuota behar izatea banketxeek zor osoaren eske epaitegietara jotzeko, eta ez bakarra, duela lau urte bezala.