Cervantesen gorpuzkien gaineko ikerketaren emaitza balioetsi du Paco Etxeberriak

Julen Iriondo 2015ko mai. 4a, 16:16

Aranzadiko Paco Etxeberria Arrasaten izan da gaur, Madrilen, Cervantesen gorpuzkien bila egindako lanaren berri ematen, Goienagusi elkarteak gonbidatuta. Etxeberriak adierazi du, tamalez, kontu honek interes handiagoa eragin duela Espainiatik kanpo Espainian bertan baino. Ikerketaren amaieran, Etxeberriaren taldeak ezin izan zuen zehatz-mehatz frogatu ze hezur ziren Cervantesenak; emaitza ikusita, ikerketa garestiegia izan dela kritikatu dutenentzat ere izan ditu berbak.

Goienagusi elkarteak antolatuta izan da Francisco Etxeberria Aranzadiko ikertzailea Arrasateko Kulturaten, Madrilgo mojen komentu batean Cervantesen gorpuzkien bila egindako lana azaltzen. Egindakoaren fase desberdinak azaldu ditu Etxeberriak, eta ondorioak plazaratu gero.

Indusketa eta topatutakoaren analisi faseetan 30 laguneko lantaldeak hilabetez egindako lanaren ostean, komentuko elizaren kriptan aurkitutako hamasei lagunen gorpuzki multzo bateko hezurretako batzuk Cervantesenak direla esateko beste zantzu aurkitu zituztela azaldu du mediku-forentseak.

Hala ere, ezin izan zuten zehaztasunez frogatu ze hezur ziren Cervantesenak, bi arrazoigatik: hezur denak nahastuta zeudelako eta, zientifikoki, ez zelako posible izan DNA froga erabiltzea. Hala ere, ikerketaren emaitzaren balioa nabarmendu du Etxeberriak. Etxeberriak adierazi du, tamalez, egindakoak Espainian baino interes handiagoa eragin duela kanpoan.

Cervantesen gorpuzkien bilaketak 100.000 euroko kostua izan du, eta emaitza ikusita, horrek ere eragin du zeresanik. Etxeberriak argi dauka; Madrilgo Udaleko Kultura saileko arduradunek 16 milioi eurotan baloratu ei zuten kontu hau dela-eta egin den promozioa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak