Udaberriko egitarauako bost harribitxi horien artean dago domeka honetako breakdance jaialdia. Kaleko dantzak ardatz izango dituen ikuskizunean Errusiatik datorren Predatorz taldeak hartuko du parte, Elorriko Logela eta Bilboko Edsteps konpainiekin batera. Aipagarria da errusiarrek iaz munduko breakdance txapelketa irabazi zutela eta beraz, goi mailako saioa izango denik ez dago zalantzarik. Gainera, Udalak eskaintza berezi bat egin du emanaldi horretara jende gaztea erakartzeko.
'Altxorraren Uhartea'
Egitarautik nabarmendu beharreko beste harribitxi bat da maiatzaren 23an ikusi ahalko den Altxorraren Uhartea musikala. Oñatiko Ganbara Txiki abesbatzak, iaz hamar urte bete zituela ospatzeko, ordura arte ekoiztutako musikalik handiena estreinatu zuen.
'Gira el Mundo', Montilla eta Arrasate
Atzo aurkeztu zuten hirugarren harribitxia da maiatzaren 30eko Gira el Mundo emanaldia. Arrasateko andaluziarrek osatzen duten Al-Andalus elkartearen 25. urteurrena aprobetxatuta, Capachos taldearen azken lana ikusi ahalko da Amaian. Arrasateren eta Kordobako Montilla herriaren arteko lotura du oinarri emanaldi horrek.
'Edipo' eta 'Txapeldun'
Bestalde, nabarmendu beharreko beste bi harribitxi dira maiatzaren 10ean Portugalgo Chapitó konpainiak ekarriko duen Edipo antzezlanaren egokitzapen berezia eta ekainaren 6an Organik taldearen eta Kepa Junkeraren eskutik izango den dantza eta musika ikuskizuna, Txapeldun izenekoa.