Parrokiako erakusketa astelehenetik egubakoitzera bisitatu ahal izango da, 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, maiatzak 11ra arte. Ordu horietan abadearen gainean egindako ikus-entzunezkoa ere emango dute.
Markinan, haren jaioterrian, egingo dute urteurreneko ospakizun nagusia datorren domekan, apirilak 19, eta Arrasaten, hilaren 26an izango da ekitaldia. Donostiako elizbarrutiko gotzaina den Jose Inagncio Munillak esango du meza nagusia egun horretan, 11:00etan, San Juan Bataiatzailearen parrokian. Ondoren Arizmendiarrietaren Lagunen Elkarteak gidatuta ekitaldi zibila egingo dute MUko lorategian, Arizmendiarrietaren irudia dagoen lekuan.
Nazioartera zabaltzeko ekimena
Arrasaten eta Debagoienean bakarrik ez, atzerrian ere ezaguna da Arizmendiarrieta. Hala, nazioarteko agintari, eta enpresari asko etorri izan dira azken urteotan Arrasatera abade ekintzaileak sustatutakoa eta hark ereindako haziak emandakoa ezagutzera. Hala jakinarazi du Angel Garciak, Arizmendiarrieta kanonizatzeko batzordeko kideak. Horregatik urria inguruan hitzaldi sorta antolatu gura dute nazioarteko gonbidatuekin.