Lehen zatia parekatua izan da. Saskiratze guztiak borrokatu dituzte biek ala biek, nahiz eta etxekoak hiruko marratik oso fin ibili ez. Hala, lehen laurdena puntu bat goitik bukatu dute, 11-10, eta bigarrena ere antzera hasi dute. Defentsa lanak ondo bete dituzte eta horrek ez die utzi Tolosakoei aurrea hartzen. Lehenengo zatia bukatzear zela, baina, hiruko jaurtiketa bi sartu dituzte kanpokoek eta sei puntuko aldearekin joan dira atsedenaldira: 31-37. : "Pesimismo apur bat ikusi dut orduan gure jokalariengan", adierazi du partidu bukaeran Josu Larreategi entrenatzaileak.
Saskiratzeetan asmatu ez
Hirugarren laurdenean saiatu dira alde hori murrizten arrasatearrak, baina ez dute asmatu. Saskiratzeak huts egin dituzte eta Take Tolosako jokalariek errebote asko jaso, hortaz, defentsan ondo jardun arren saskiratu barik ezin eskuratu puntuak. Hirugarren laurdena 41-53 bukatu dute eta laugarrenean alde hori handitzen joan da ia 20 puntura iritsi arte bukaeran: 55-74.
Larreategik onartu du ez dela euren "eguna" izan, eta aurrera begiratu behar dela: "Lau partidu daramatzagu jarraian galtzen eta jokalariendako pisu handia izaten da hori. Sailkapenari begiratuta oraindik ez daukagu arrisku handia, baina beheko taldeak poliki-poliki hurreratzen doaz; hortaz, hurrengoan irabazi egin behar lau partidu geratzen dira-eta denboraldia bukatzeko".