Ubarretxenaren arabera, gaiak arrasatearren artean sortu duen "egonezinaren" aurrean Udal Gobernuak EAJ egin nahi du "erantzule": "Argi eta garbi esan behar dugu ez dugula inolako zerikusirik Bilduren Udal Gobernuak hartutako erabaki horrekin".
"Erabaki gogorra"
Jeltzaleek gogora ekarri dutenez, Takolo-Goiru proiektua –plan horren barruan sartzen dira pasealekuko obrak– 2014ko irailaren 16an onartu zen udalbatzan: "Proiektu oso zabala da eta bederatzi fasetan dago banatuta; arazoa sortu duena seigarren fasea da. Osoko bilkura hartan behin eta berriz esan genuen mugikortasun azterketa sakon bat egin aurretik Arrasate pasealekua ixtea oso erabaki gogorra izango zela esanez eta gutxienez errail bat irekita mantentzeko eskatu genuen". Hori horrela dela frogatzeko osoko bilkurako akta ekarri du Ubarretxenak agerraldira.
Horrekin batera Ubarretxenak azpimarratu du "behin eta berriz" salatu dutela gaia Udaleko foro, batzorde eta osoko bilkuretan: "Irtenbide bat exijitu dugu beti". Adibide moduan jarri dute Ibon Arrupe zinegotziak martxoaren 9ko batzordean "berriro" eskatu zuela obrek irauten duten bitartean errail bat irekitzeko, eta martxoaren 13an eskaera formala egin zuen Ubarretxenak Udal erregistroan gauza bera eskatuz. Halaber, desbideraketak ere salatu ditu EAJk: "Ibilbide alternatiboak ez ditu segurtasun baldintza minimoak betetzen eta istripu bat baino gehiago egon da dagoeneko. Erabaki hauek gehiengo absolutuaren ondorio garbia dira".
Irtenbide baten "beharra"
Amaitzeko, Ubarretxenak irtenbide baten "beharra" dagoela nabarmendu du: EAJren nahia arazo honi ahalik eta irtenbiderik onena bilatzea da eta horretarako herritarrak entzun eta EAJko zinegotziok egindako ekarpen eta proposamenak aintzat har ditzaten eskatu nahi diogu Bilduri, bere burugogorkeria alde batera utziz".