Udal Gobernuaren arabera, 2014ko irailaren 16ko osoko bilkuran Udalean dauden alderdi guztiek proiektu horren alde egin zuten "mugikortasun eredu jasangarriago bat" sustatzea "lehentasunezko helburu" jarrita: "Guztiek bat egin zuten eta Arrasate pasealekutik hastea erabaki zen, gainera. Baina, antza denez, hauteskundeen atarian, EAJrentzat askoz ere interesgarriagoa da Arrasate pasealekua itxi behar izatearen inguruan eskandalua sortzea proiektuaren irakurketa serio bat egitea baino".
Udal Gobernua, "herritarrekin biltzen"
Bestalde, EAJko alkategai Maria Ubarretxenak bide alternatiboek segurtasuna bermatzen ez dutela esan izana horrela baloratu du Udal Gobernuak: "Azterketarik egin al du EAJk hau ziurtatzeko? Mariak esan zuenez, Uribe eta Loramendi kaleetako alternatibak ez ditu segurtasun minimoak betetzen; karril bat zabaldu eta autoak eskabadora edo hondeagailu artean ibiltzeak betetzen al ditu?". Honakoa ere gaineratu dute: "Mariak atzo eskatu zigun herritarrei entzuteko. Jakin Arrasate pasealekuaren gaiaz lotuta kexa agertu duten herritarrekin ari dela biltzen Udal gobernua, azalpenak bertatik bertara emateko. Pentsatzen dugu hau jakinda jeltzaleak lasaiago geratuko direla".
"Arrasatearrak ez dira inozoak"
Horrez gain, "hauteskundeei begira" egindako agerraldia izan zela dio Udal Gobernuak: "Aholku bat: ez zaitezte burugogor jarri Arrasate pasealekua ixtearen gaia hauteskundeetarako erabiltzen. Arrasatearrak ez dira inozoak".