Zapatuan bete ziren zazpi urte Isaias Carrasco Arrasateko Navas de Tolosa kalean hil zutela. Urteroko omenaldia egin zioten zapatu eguerdian haren senitartekoek, lagunek eta alderdi sozialistako kideek.
Bertan izan ziren, besteak beste, Carrascoren alarguna eta seme-alabak zein alderdi sozialistako Idoia Mendia, Jesus Egiguren, Iñaki Arriola, Denis Itxaso, eta Paco Gartzia.
Lore eskaintzarekin batera ekitaldian Euskadiko Alderdi Sozialistako idazkari nagusi Idoia Mendiaren hitzak nabarmendu ziren. Mendiak esan zuen uko egiten diotela ahazteari, eta ez dutela bi indarkeria parekatzen dituen diskurtsorik onartuko. “Ez ditugu ahaztuko alkate andere baten isiltasuna, geldi bere udaletxe aurrean gertatutako hilketa baten aurrean. Ez dugu ahaztuko hemen Isaiasen hilketa salatzeari uko egin zion udal gobernu bat egon zela, aldi berean herriko terroristak heroiak balira omentzea baimentzen zuen bitartean".
Mendiak gehitu zuen ez dutela Urkullu Lehendakariaren gobernuaren Bake Plana onartuko nahita delako anbiguoa. "Gobernu ausarta eta konplexurik gabekoa behar dugu tolerantzia, elkarren arteko errespetua eta ezberdinen arteko elkartasuna oinarri hartuta aurrera egingo duena".
Euskadin memorian oinarritutako etorkizun bat nahi dutela esan zuen Mendiak. "Horregatik ezin ditugu terrorismoaren biktimak ahazten dituzten diskurtsoak onartu. Ezin dugu Gobernuak aurkeztu duen Bake Plana onartu. Hainbeste sufrimendu saihesten duen Plana. Euskal gizartean elkarbizitza sendotzeko momentua hau da. Euskadin garai berri bat hasteko momentua hau da. Ezin dugu aukera galdu", amaitu zuen.