Gauean ibili dira lapurrak azoka plazan, hara eta hona ibili ei dira, eta ezustekoa hartu dute azoka plazako postuetako saltzaileek. Salaberri harategiko Gorka Aurrekoetxeak umorearekin egin dio aurre lapurretari: "Enbasatutako zazpi gazta eta txorizoak eraman dizkidate, diru apur bat eta tablet bat. Zer egingo diogu ba… Aurrera egin behar". Pertsiana jasota sartu dira postu barruan, baina zorionez ez diote ezer apurtu. Eta harategiko horman mezua utzi diote: Lo siento, puta necesidad. "Nezesidadea, beharra? Ez dakit ba…", dio. Mezuak ikusmina sortu du erosleen artean.


Goizean goiz egon dira bai ertzainekin, bai udaltzainekin, eta salaketa jarri. Segurtasun neurri egokiak daudela uste du Aurrekoetxeak, baina halakoak noizean behin "tokatzen" direla: "Dagoeneko lau aldiz sartu dira gurean, 25 urtean laugarrena".