Inazio Azkarragaurizar alkateak eta Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalek sinatu dute akordioa, eta herritik jasotakoa herriari itzultzeko modu bat dela azpimarratu dute.
Udalak konpromisoa hartu du material hori gordetzeko –artxiboa berritzen ari da orain eta tokia egingo dio bertan– eta Goienak positiboki baloratu du erakutsi duen interesa: "Arrasateko Udal Gobernuak ikusi du garrantzitsua dela 25 urteko irudi eta argazki artxibo bat ganoraz edukitzea eta guretzako ona da hori, jotzen dugulako atzera albisteak egiteko, eta errazago topatzeko bidea egongo denez..." Horri gehitu dio hau hasiera dela, eta Arrasateko Udala honetan ere aitzindari izan dela, Arrasate Press-ekin izan zen moduan. Gainerako udaletxeetara jotzeko asmoa ere azaldu du Arantzabalek.
Alkatearekin batera, Joxe Etxebarria –Euskara zinegotzia– eta Jose Felix Diaz de Tuesta –Euskara teknikaria– ere izan dira akordioaren sinatze ekitaldian.