Arrasateko meatzeen eta San Baleixo baselizako kontuen berri eman du Arantza Otaduyk Meatzerrekan

Mirari Altube Arrese 2015ko ots. 21a, 12:06

Meatzerreka auzo ingurua biziberritzea du helburu Udalak eta horretan hasi gura zuen gaur, zapatua, zuhaitzak landatzera joanda. Eguraldi eskasak, baina, bertan behera utzi du ekitaldia. Ez ostera Meatzerrekaren gaineko historia ezagutzeko aukera. Hala, Arantza Otaduy historialari arrasatearrak kontu-kontari jardun du San Baleixo baselizan.

Arrasateri ospea eta aberastasuna eman zion azpiegitura sortu zen Meatzerrekako meatzeen inguruan, baina horiek non egon ziren identifikatzea oso zaila dela esan du Arantza Otaduyk: "Lur azpiko meazuloen sarrerak itxi egin direlako eta ezin dira topatu". Bertatik ateratako altzairua oso estimatua izan zela gaineratu du, Mondragon altzairua, eta Madrilgo El Escorial egiteko erabili zutela, esaterako.

Bertan sortu zuten meatzarien kofradia ere, "Europako lehenengotakoa". Eta San Baleixo baseliza zen kofradia horretako kideak elkartzeko gunea. San Balerio santuari eskainitako Euskal Herriko baseliza bakarrenetakoa dela gaineratu du Otaduyk, buruko minak sendatzen dituen santua, hain zuzen ere.

Baseliza horren atzeko partean dagoen txara errentan ematen zuen kofradiak dirua lortzeko. Hasieran mahastia zegoen bertan, baina gainbeheran joan zen hori, eta XX. mendean, azken maizterrak, pinuak landatu zituzten. Hor basoa berreskuratzen hasi zirela esan du Otaduyk, ordura arte oso zuhaitz gutxi zegoelako bazterretan.

Txara hori egun Udalaren lursaila eta bertan landatu gura zituzten gaur intxaurrondoak eta gaztainondoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak