Arbolak landatzeko eta erosteko aukera zapatuan, baserritarren azokarekin batera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko ots. 20a, 08:11

Zuhaitzaren bueltan biharko eguna Arrasaten. Meatzerrekan 60 bat intxaurrondo eta gaztainondo landatu gura ditu Udalak Zuhaitz Egunaren barruan. Era berean, otsaileko baserritarren azokan zuhaitz feria ere egingo da, eta amaitzeko Arbolapetan, haritz gaztearen landaketa egingo da, 13:00etan.

Joan den egubakoitzean eskoletako umeak izan baziren zuhaitzaren bueltan elkartu zirenak –Markuleteko zelaietan hainbat zuhaitz landatu zituzten–, bihar gainerako herritarren txanda izango da. Hasteko, Udalak Zuhaitz Eguna antolatu du Meatzerrekan, auzoak azken urteetan jasan dituen "tratu txarrei" buelta eman eta auzoarekin "diskriminazio positiboz" jokatzeko asmoen baitan. Arbolapetan elkartuko dira, 09:00etan, eta eguraldi txarra iragarrita badago ere, Udalak aurrez prestatutako egitarauarekin jarraituko du "hasiera baten". 

Hau da, 09:45ak aldera, Arantza Otadui historialariak auzoaren historiaren gainean jardungo du San Baleixo ermitaren ondoan; besteak beste, meatzarien lanaren garrantzia nabarmenduko du Otaduik. 10:30ean hasiko da landaketa: 60 bat intxaurrondo eta gaztainondo landatuko dituzte. 

Arbolapetako haritza ikustera

Landaketa amaitu ostean, 12:00etan, joango dira Seber Altube plazara, eta 12:30ean baserritarren azoka postua izango duten Erein Da Jan elkartekoen eskutik mokadutxoa egingo dute. 

Gero, 13:00etan, Arbolapetako haritz gaztearen landaketa ikustera joango dira –ikus 40. orrian. Ingurumen Saileko Pello Garaik gonbidapena egin die herritarrei Zuhaitz Egunean parte har dezaten: "Euriak ez du lagunduko, pena handia da. Baina hasiera baten planarekin jarraituko dugu, ea herritarrek erantzuten duten. Goiz-pasa ederra izan daiteke".   

Baserritarren azokan 16 postu  

Hilero moduan, ez du hutsik egingo Seber Altubeko baserritarren azokak (08:00-14:00). Ohiko azokari dagokionez, 16 postu egongo dira: Arrasateko sei baserri, Debagoieneko beste bi, eta gainerako postu bereziak egongo dira. Azken horien artean daude, besteak beste, Erein Da Jan elkartekoen kontsumo eredua aldatzeko gonbidapena –mokadutxoaz batera–, Jakionekoen kontserbak, baserrirako tresneria saltzen duen Juan Mari Zuazubiskar eta sukalderako tresnak saltzen dituen Felix Barcina. 

Udaleko Garapen Saileko teknikari Marga Garmendiak aurreratu duenez, biharko azokan "bisitari berezi" bat izango dute: "Kilometroak jaialdiaren antolatzaileak etorriko dira euren produktuekin. Korrika batzordekoek ere egin digute eskaera, baina besteek lehenago esan zigutenez, erabaki dugu martxoko azokarako Korrika batzordekoak gonbidatzea. Eurei ere ez zaie batera egotea interesatzen; hortaz, batak bestea zapaldu beharrean, bi azokatan egon daitezela".  

Otsaileko azokan ere zabala izango da produktuen eskaintza; baserritarrak ganbaran gordetzen dituztenen artean, patatak, kalabaza, babarruna, kiwiak, sagarrak, tipulak, intxaurrak eta urrak egongo dira, besteak beste. Ortuak ere, negua bada ere, ematen ditu sasoiko produktuak: porruak, azak, espinakak, arbiak, zarbak, eskarolak, azaloreak, brokoliak... Bestalde, baserritarren artean hedatua dago udako produktuak ontziratzeko ohitura eta horregatik biharko azokan ere, urte osoan zehar moduan, tomatea, lekak, eta marmeladak erosi ahalko dira. 

Angulak Korrika zozketa ere bai

Biharko nobedadeen artean, bestalde, Garmendiak Jakioneko postua nabarmendu du. Korrikarako dagokien kilometroa diruz laguntzeko, gatzagarrek Angulak Korrika zozketa ekarriko dute: "Ontzi baten bizirik dauden angulak ikusi eta zenbat dauden asmatu beharko da. Espero dugu ekintza polita izango dela". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak