Arbolapeta inguru guztia itxiko da zuhaitza landatzeko lanak "ganoraz" egin ahal izateko eta arrasatearrek landaketa arazo barik ikusi ahal dezaten. Haritza besodun kamioi batean ekarriko da Akeitik. Izan ere, aurreikusten da zuhaitza gaur eta eguena bitartean helduko dela Arrasatera, eta Akein egongo dela prest zapatuan Arbolapetara ekartzeko.
Aurrelanak
Haritza landatu aurretik, baina, gaztainondo zaharraren ipurdia kendu behar da lehendabizi: "Lanok pentsa ahal dena baino konplexutasun handiagoa dute. Ezertan hasi baino lehen, lan eremuaren perimetroa itxiko da eta materialak biltzeko guneak zehaztu. Ostean, oraingo txorkoa zuzenean inguratzen duten harlauzak kenduko dira, eta txorkoa estaltzen duen burdin sarea ere kendu egingo da", jakinarazi dute udaletik.
Harlauzak kendu eta gero, zoladuran hutsune zirkular bat geratuko da, 4,2 metrokoa. Leku zirkular horretan zuhaitz ipurdia kentzeko lanak egingo dira: "Seguruenik, zuhaitz ipurdia zatitu egin beharko da handik kentzeko".
Lanok otsailaren 18an hasiko ditu Excavaciones Arrasate enpresak eta, horretarako, Arbolapeta ingurua itxiko da 08:00ak inguruan, zuhaitzaren inguruko harlauzak kentzen hasteko.
Landaketa bera
Ostean, zuhaitz berria landatu ahal izateko, zanga irekiko da. Gutxi gorabehera, zuloguneak 4,20 x 1,20 metroko dimentsio zilindrikoa izango du eta 17 metro kubikoko bolumena. Lurzoru berriko materiala botako da bertan, gero zuhaitza landatzeko. Materiala eguazten edo eguenean prestatuko da zapaturako.
Betelana hasiko da zulogunearen sakoneran, betelaneko materialaren geruza batekin (aurretik prestatua), 20 cm-ko lodiera duena. Landarearen sustrai-lurra betelaneko material geruza horren gainean jarriko da. Zulogunearen erdi-erdian jarriko da landarea, zoladurako harlauzak jarri ostean landarea zentroan egon dadin.
Landarea jarri eta gero, zulogunearen bolumen osoa beteko da geruzaz geruza, ondo trinkotuz geruza bakoitza. Ostean, azaleko harlauzak jartzeko, altura bateraino beteko da zulogunea, hormigoi oinarri egokia izan dezan. Eta, azkenik, jatorrizko zoladurako harlauzak eta haritzaren metalezko babesa jarriko dira.