Otsailaren 23an hasiko dituzte Takolo Goiru proiektuko lehen faseko lanak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko ots. 10a, 15:56

Takolo Goiru proiektuaren barruko lehen faseko lanak otsailaren 23an hasiko ditu Construcciones Amenabar enpresak. Lehen fase hori Arrasate pasealekuari dagokio, Foruen eta Udala plazen arteko tarteari. Bide zati hori kale bihurtuko dute, oinezkoei lehentasuna emanez eta bidegorria txertatuz. 1.135.000 eurokoa izango da aurrekontua eta obrek sei hilabete iraungo dutela aurreikusten da.

Mugikortasun eredua aldatu eta arrasatearren bizi kalitatea hobetzeko helburuaren barruan, Arrasateko Udalak lehentasuna eman dio Takolo Goiru proiektuari. Proiektu hori bederatzi fasetan gauzatuko da eta lehena, F izenekoa, otsailaren 23an abiatuko du Construcciones Amenabar enpresak. 

Kanpotik datozenak, saihesbidetik

Arrasate pasealekutik diharduen trafikoa beste bide batzuetatik desbideratu beharko da. Arrasateko saihesbidearen eremura doazen ibilgailuei Olandixoko tunela erabiltzea gomendatuko zaie, hori izango baita irtenbide azkar eta egokiena. Kanpotik datozen ibilgailuei saihesbideak erabiltzea gomendatuko zaie orokorrean, eta barne mugimenduak Loramendi eta Uribe kaletik bideratuko dira. Horretarako egokitzapen txiki batzuk egin beharko dituzte. Lehen faseko lan horiek izango dira bederatzi faseetatik konplexuenak, hirigintza oztopo guztiak kendu beharko dira-eta. 

Aldaketak biribilguneetan 

Gero, Udala plazako biribilgunearen ardatza bere horretan mantenduko da eta Foruen plazan, ordea, benetako biribilgune bat egokituko dute eta beraz, ardatza aldatu. 

San Isidroko zubiarena, adibide

Obra handia izango da eta eragina izango du zirkulazioan. Hala ere, herritarra lasaitzeko adibide bat ere jarri du Udaleko teknikari-buruak: "San Isidroko zubiaren obran denok pentsatzen genuen sekulako izango zela, baina oso ondo funtzionatu zuen. Zubia itxita egon zen eta herrian zirkulazioak nahiko ondo funtzionatu zuen", uste du Juan Antonio Urdangarinek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak