Gidabaimena euskaraz ateratzeagatik, azterketa teorikoa doan. Hala da bai, Udalak saritu egin nahi du gidabaimena euskaraz ateratzea. Hala, hori egin dutenen artean, 400 euro zozketatu ditu. Atzo jaso zuen saria Markel Perezek, Joxe Etxeberria euskara saileko zinegotziaren eskutik.
Materiala prestatu
2009an Debagoieneko Mankomunitateak eta bailarako euskara zerbitzuek elkarlanean martxan jarritako egitasmoa da Gidabaimena euskaraz. Helburua da euskarazko materiala eskuragarri jartzea eta herritarrak gidabaimena euskaraz ateratzera animatzea. "Gazte gehienek D ereduan ikasten dute. Konturatu ginen ez zuela zentzurik ikasketa guztiak D ereduan egin ondoren, 18 urterekin gidabaimena ateratzera joaten direnean, material eta aukera denak gazteleraz egotea", esan du Aintzane Lasak, euskara teknikariak. Bada, Mankomunitateak eta euskara zerbitzuek materiala prestatu zuten eta autoeskolen esku jarri zituzten: eskuliburuak, testak, multimendia programa eta panel informatiboak.
Gero eta gehiagok
Egitasmoa martxan jarri zenetik gero eta gehiago dira gidabaimena euskaraz ateratzera animatzen direnak. Arrasaten, aurten, 63 pertsonak atera dute euskaraz. "Datuak oso-oso positiboak dira. Izugarrizko zabalkundea izan du egitasmoak. 2009an lehenengo aldiz martxan jarri zenean, hamabost ikaslek atera zuten gidabaimena euskaraz. Urtez urte kopurua handituz joan da 63ra arte iritsi arte", nabarmendu du Lasak. Bestalde, azpimarratu du gaur egun Arrasateko autoeskola guztietan atera daitekeela gidabaimena euskaraz: "Egitasmoa martxan jarri zenean bost autoeskolatik hiruk erabaki zuten parte hartzea. Egun denetan atera daiteke euskaraz".
400 euroko saria
Bada, Udalak gidabaimena euskaraz ateratzen duten herritarrak saritu nahi ditu. Hala, zozketa egin dute horien artean. Azterketa teoriko bat zozketatu dute, hau da, 400 euro. Markel Perez gaztea izan da zorteduna. "Zorte handia izan dut. Ez nekien saria zegoenik, euskaraz ateratzeagatik. Irabazi nuela esateko deitu zidatenean jakin nuen. Guretzako errazagoa da euskaraz egitea", adierazi du Perezek.
Udalak udaberrian egingo du berriro ere sustapen kanpaina.