Udalak 2015ean lau auzotan hobekuntza nabarmenak ekarriko dituzten lanak egingo dituela azaldu du. Inazio Azkarragaurizarrek, Arrasateko alkateak, goizeko prentsaurrekoan azpimarratu du helburua auzoetako egoera hobetzea dela. San Josepe, Udala Behekoa, Mietzerreka eta Makatzena auzoetan egingo dituzte lanak.
San Josepeko lanak, bihar hasiko dira
Bihar, otsailak 4, hasiko dira San Josepeko lanak. Asmoa da San Josepe eta San Andres kaleetako zerbitzuak hobetzea. Baita oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa, irisgarritasuna eta baldintza orokorrak ere. Horrez gain, saneamendu sarean eta sare elektrikoan lanak egingo dituzte.
Lanokin bermatu gura da San Joseperako bide osoan zehar espaloia edukitzea. Hala, oinezkoak modu seguruagoan ibiliko dira-eta. Maiatzerako lanok bukatuta egotea espero da. Esan moduan, bihar hasiko diren lehen faseko lanek 360.000 mila euro inguruko aurrekontua du.
Lanek eragin zuzena izango dute batez ere oinezkoengan. San Andres kalea itxi egin behar izango da eta handik ezingo dira pasa oinezkoak. Beraz, Araba Etorbidetik ibili beharko dira San Andres kalera joan beharra duten oinezkoak. Zirkulazioari dagokionez, San Joseperakoa ez da etengo; beharrezkoa denean txandaka emango da pasoa.
Bigarren fasearekin azaroan hasi gura du Udalak.
Udala Beheko lanak
Otsaila bukaeran hasi gura dute Udala beheko auzoko lanekin. Hiru hilabete eta erdian amaitzea da asmoa. 395.000 euro inguruko aurrekontua izango du. 2015ean zenbait azpiegitura sare hobetuko dira, argiteria publikoa ezarriko da, baserrietara joateko bidea zabaldu eta asfaltatuko da eta plaza berri bat egingo da Udala Behekoan.
Mietzerreka eta Makatzena
Mietzerreka auzoari dagokionez, Udala badabil zenbait ekintza bultzatzen. Asmoa da auzoaren azpiegituran, saneamendu sisteman eta ondarean hobekuntzak egitea.
Makatzenan, aldiz, Udalak bere gain hartuko ditu auzoaren atzealdean dagoen bidea konpontzeko lanak. Hondarribia eta Makatzena auzoa lotuko duen igogailuaren bideragarritasunerako kudeaketarekin ere jarraituko du. Lan hauekin, udazkenean hasi gura du Udalak eta 73.000 euro bideratuko ditu.