Emandako pausoak errepasatu eta hurrengoak zehazteko hitzaldia

Imanol Gallego 2015ko urt. 14a, 20:02

Arrasateko Gure Esku Dagok hurrengo ikasturtera begira dituzten erronken azalpenak eman eta horietan aritzeko beharrezko lantaldeak eratzeko batzarra egin du. Ekitaldia dinamikako kideen izenean eskerrak emanaz hasi dute, eta ekainaren 20an egingo den 'Erabakia ehuntzen' dinamikaren simulazio batekin amaitu.

Kulturateko aretoa jendez bete da Gure Esku Dago dinamikaren hitzaldia entzuteko. Ekimeneko herriko lantaldeko kideek hasi dute ekitaldia eta orain arte egindako lanagatik zoriondu dituzte bertaratutakoak. "Giza katean 1.500 pertsona lortzeko helburua jarri genuen eta 3.000 baino gehiago batu ginen", azaldu du Maite Albesek. Jasone Giraldok aldiz, lantaldea sendotzeko beharra adierazi du.

Bien ostean, Gure Esku Dago ekimeneko idazkari Karmele Olabarrieta dinamikaren ildo nagusiez mintzatu da. "Giza katearekin ilusioa piztu genuen, orain ilusio hori bideratzen joan behar dugu", esan du.

Erabakia ehuntzen

Ekaineko giza katearen eta azaroko mosaikoaren ondoren, Erabakia ehuntzen izeneko dinamika abiarazi du Gure Esku Dagok. Horretarako, antolatzaileek azpimarratu dute beharrezko dela herrian dauden askotariko iritziak jostea. Dinamikak desberdinen arteko konfiantza-eremuak sortzea izango du helburu, bakoitzaren ideiak besteenekin jostea, eta herritar desberdinen arteko topalekuak eraikitzea. Hori guztia irudikatzeko, oihal zatiekin patchwork erraldoi bat egingo dute.

Ekainaren 20ko Erabakia ehuntzen egun handiaren aurretik, apirilaren 25ean herri bakoitzean ordura arte batutako ehun zatiak josteko eguna iritsiko da. Uda hasieran, ekimenak hiriburuetara egingo du salto, eta bertan, hautetsontzi erraldoi batzuk oihal zati horiekin estaliko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak