Juan Ramon Garai, Jesus Gutierrez eta Josu Chueca izan dira egileak eta, esandako moduan, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak kaleratu du: "Egileei eskerrak, sekulako lana egin duzue. Eta eskerrak ere obra hau posible egin duzuen guztioi, belaunaldi oso batek Euskal Herria libre eta berdintasunean oinarritutako gizarte justu baten alde egindako borroka islatzen duelako", dio Intxorta elkarteko Julia Mongek.
Aurkezpenean adierazi dutenez, badira zenbait lan 1934ko urriko gertakarien gainean argitaratu direnak. Hala ere, honakoa da iraultzak eta greba orokorrak Euskal Herrian eragin zuenaren gainean "ikuspegi orokorra" jasotzen duen lana. Orain arte argitaratu gabeko hainbat datu ematen dira 400 orrietan zehar, aurreratu dutenez.