Doke taldekoak buru-belarri ibili dira Galderak prestatzen, ohi baino entsegu gehiago eginda, Mariasun Pagoaga aktoreak aitortu duenez.
Egunero edozein ordu eta tokitan sortzen diren galdera arraro, garrantzitsu edota zentzugabeak biltzen ditu antzezlanak; adibidez, "betiko maiteko al nauzu?". Pertsona baten bizitzan, gazte garaietatik hasi eta zahartzaroan burua galtzerainoko faseak taularatzen ditu Jose Mari Velez de Mendizabalen gidoiak, eta Itziar Rekaldek hartu du zuzendaritzaren ardura.
Zuzendaria gustura agertu da aktoreen lanarekin. "Nik uste dut publikoak garbi antzemango duela eskarmentu luzeko talde baten aurrean dagoela", dio.Mariasun Pagoaga bera ere pozik dago egindako lanarekin. "Aurreko lanetan oso gustura sentitu naizen arren, Galderak obrarekin aktore bezala asko irabazi dudala esango nuke", esan du. Guztien artean, gainera, Doke euskal antzerki munduan "erreferente" bihurtzea lortu dutela uste dute.
Asteburuko emanaldiez gain, abenduan zehar gehiago egingo dituzte, baina bailaran bertan ikusteko hurrengo aukera hilaren 27an izango da, Aretxabaletan, Arkupen, 19:30ean.