Bergarako epaitegia inguratuko dute, "epaiketa politikoen aurka"

Ubane Madera 2014ko abe. 10a, 15:09

Zapatuan, 18:00etan, Bergarako epaitegia giza kate eran inguratzeko deia egin du INOereLIBRE ekimenak. Arrasateko alkate izandako Ino Galparsororen eta beste 35 herritarren aurka urtarrilaren 12an hasiko den "epaiketa politikoa" gura dute salatu. Horien artean daude Mikel Zubimendi, Aittor Arantzabal eta Mikel Garaiondo bergararrak. Eta Aitziber Plazaolaren kontrako epaiketa ere izan dute gogoan.

'Abenduaren 13an, eman eskua' [BIDEOA]

Arrasateko osoko bilkuren aretoa bete zuten herritarren, eragile sozialen eta politikari diren eta izandakoen babes zabalarekin egin zuten zapaturako deia: "Eskuak eman eta denak libre nahi ditugula ohiu laranja batez ozen esatera!".

Izan ere, elkarri eskuak emanez sortutako giza-katearen bitartez Bergarako epaitegia inguratu, eta 4/08 sumarioari dagozkion epaiketak bertan behera uzteko eskatuko dute, iritzita "euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoak direla", "duten izaera politikoa dela, lan politikoa egitea delako hauen akusazio bakarra".

"Jarduera politikoarengatik epaituak"

Salatuko dute, baita ere, "bere jarduera politikoagatik epaituak izaten ari direnak edo epaituak izango" direnen artean dagoela Aitziber Plazaola bergararra, beste 27 gazterekin batera.

Eta gogora ekarri dute zela Herriko taberna eta elkarteen aurkako Audientzia Nazionalaren sententziaren ostean, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain daudela, eta haren menpe dagoela "lan politiko eta soziala egiteko diren" Arrasateko bost lokalen etorkizuna.

Prentsaurrekoa emateko azken legealdietako Arrasateko ezker abertzaleko alkateak elkartu ziren: Xabier Zubizarreta, Ino Galparsoro bera, hura kartzelan egon bitartean alkate izan zen Oihana Aranburu, eta gaur egungo alkate Inazio Azkarragaurizar.

Eta haien atzeko aldean izan zen, besteak beste, Ino Galparsororekin batera Arrasate gobernatu zuen zinegotzi taldea.

"Gorrotoari, alaitasunez"

"Beraien gorroto eta mendekuari, guk alaitasunez eta irriz erantzungo diogu, beraien gorroto eta mendekuari, guk musika eta dantzaz erantzungo diogu, beraien gorroto eta mendekuari, guk konpromiso laranjaz erantzungo diogu! Abenduaren 3an Bergarako epaitegia poztasunez, alaitasunez, eta konponbidearen aldeko norbanako laranjaz inguratuko dugu!", adierazi zuten.

Bukatzeko, elkartasuna adierazi zioten Jone Amezagari, "pankarta bat egitearen akusaziopean 18 hilabeterako espetxeratu nahi" duten gazteari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak