Marko Sevarlic izan da akordeoilari onena

Ander Larrañaga 2014ko abe. 9a, 15:35

Marko Sevarlic serbiarrak eskuratu du 22. Arrasateko Nazioarteko Akordeoi txapelketako Arrasate Hiria saria. Estatu mailako sariketan, senior mailan lehenengoa Nerea Rodriguez izan da. Gazte mailako garailea, berriz, Marta Cubas. Haurren mailan, bestalde, Beatriz Leonardo nagusitu da.

Duda barik, Sevarlic izan da aurtengo izar handia: berak eskuratu ditu txapela, garaikurra, diploma, 3.600 euro eta datorren urterako kontzertu bira. Honetaz gainera, beste sari bat ere eman diote serbiarrari: Derrigorrezko obraren interpretazio onenaren saria, hain zuzen.

Kontuak kontu, beste behin, Arrasate distira handiko hauspoen geldiune izan da: batik bat, Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa erreferente izaten ari delako mundu mailan. Gainontzekoak ere ezin ahaztu: Gipuzkoa Lehiaketak ere estatu osotik akordeoi-jole bikainak erakartzen ditu eta Gipuzkoa Jaialdiak akordeoia ikasten ari direnen erakusleiho bilakatu da.

Euskaldun bat podiumean

Beste behin sari nagusia atzerrira joan den arren, Euskal Herrian akordeoiaren munduan harrobi bikaina dagoela ikusi da aurten. Izan ere, Nazioarteko Lehiaketan, bigarrengo postua zumaiar batek eskuratu du, hemeretzi urteko Maria Zubimendik, hain justu.

Balorazio ezin hobea

Trebezia handiko akordeoilariak etorri dira Arrasatera eta urteroko maila altua erakutsi dute. Hauspoz-eko zuzendaria den Aitor Furundarenak azaldu duenez, Nazioarteko lehiaketan, urtero legez izugarrizko maila egon da, baina, Gipuzkoa lehiaketan, aurten, gainontzeko urteetan baino maila altuxeagoa nabaritu da.
Bestalde, aipatzekoa da aurten inoiz baino jende gehiago izan dela lehiaketan: ia 400 parte-hartzaile egon dira eta horiek ere irakasle, guraso edo lagunak ekarri dituzte.

Herrira hurbiltzen

Jakina den bezala, bi zati nagusitan banatzen da asteburua: batetik, Nazioarteko Lehiaketa eta Gipuzkoa Lehiaketa eta bestetik, Gipuzkoa Jaialdia. Hauspoz-etik adierazi dutenez, azken horrekin, lehiakortasuna baztertzea gura izan dute, pedagogiari leku bat emateko halako ekintzatan. Herriari hurbiltzeko asmoz, jaialdiaren baitan kalejira eta zaharren egoitzako kontzertua egin dute; aurten eguraldiak ez du lagundu eta kalejira Uarkapera eraman behar izan zuten. "Jaialdiak ematen die bizia lehiaketei eta horregatik, euria egiten badu datorren urterako B plan bat izan beharko dugu pentsatuta. Arrasate akordeoiaren ikono bilakatzen ari da lehiaketei esker eta herri bezala asko ematen digu guri. Hala ere, antolatutakoak antolatuta, herrian gehiago sartzea gurako genuke", azaldu dute Hauspoz-ekoek.
Hori horrela, gaur iluntzeko gala, sari banaketa eta Haatik dantza konpainiaren ikuskizunarekin borobildu dute akordeoiari eskainitako asteburua Arrasaten. Datorren urtean gehiago!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak