Ordezkari sozialistek azaldu dute garraio publikoa betidanik asko arduratzen dituen kontua izan dela, eta horregatik egiten dutela tarifa laua ezartzeko proposamena. Tarifa lauarekin, erabiltzaileek hilean gehienez 25 euro ordaintzea planteatzen dute sozialistek, eta zehaztu dute neurri horrek 4 milioi euro baino gutxiagoko kostua izango lukeela. Gaineratu dute kopuru hori, errepidean 25 euroko topea jartzeak Bidegiri suposatu dion defizita bestekoa dela.
Adierazi dute, era berean, garraio publikoa sustatuz bakarrik lortuko dela mugikortasun jasangarria. Garraio publikoa herritarren berdintasunearen alde egiteko eta lurralde kohesiorako tresna ere badela gaineratu dute, eta zentzu horretan, Debagoienak dituen gabeziak azpimarratu dituzte. Hala, esan dute Gipuzkoa dela Erkidegoan garraio publikoa gutxien erabiltzen den lurraldea, eta gaineratu, Debagoienaren kasuan garraio publikoaren erabilera datuak lurraldeko txikienak direla, Goierrikoekin batera.
Gaineratu dute Batzar Nagusietan, Bilduren eta EAJren botoekin, atzera bota zela sozialisten proposamena, eta garraio publikoaren gaian, politika progresistak ez egitea leporatu diete Bildukoei