Gehienez ere 90 minutuko egonaldi bat egin ahalko da. Aparkatzeko denbora igarotakoan erabiltzaileak ibilgailua kendu egin beharko du eta ezingo du bertan aparkatu hiru ordu igaro arte. Era berean, ez da tarifarik ordaindu beharko ibilgailua bertan –0.1 azpigunea deritzo– aparkatzeagatik.
Hori bai, doakoa izan arren txartela hartu egin beharko da derrigorrez. Hau da, makina banatzailearen txartela irakurtzeko moduan erakutsi beharko da. Astelehenetik zapatura artekoa izango TAO sistema: 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Domeketan, jai egunetan eta abuztuan ez da TAOrik egongo.
50 eta 200 euroko isunak
TAO sistema ez da berria Arrasaten, unibertsitate inguruan martxan dago dagoeneko. Uribarri-Loramendi gunean ez bezala, Ferixalekuan aparkatzea doakoa da eta ez dira egoiliar txartelak banatuko: "Ez zaio atxiki ezein etxerik, ez merkataritza lokalik edo ekipamenduzko lokalik".
Bestalde, arau-hauste arintzat hartuko dira denbora gainditzea, txartelik ez lortzea edo irakurtzeko moduan ez jartzea, eta hiru orduko aldia igaro barik berriro aparkatzea. Horiei 50 euroko isuna aplikatuko zaie. Eta arau-hauste larritzat hartuko da txartel manipulatu, faltsutu edo deuseztatua erabiltzea; azken horiendako 200 eurokoa izango da isuna.
Isuna makinan ordaindu ahalko da arau haustea gertatu eta 48 orduko epean; hori bai, autoa berehala kendu beharko da.