Ura eta erreka Deba ibarrean dokumentalaren estreinaldiak, eman dio hasiera mankomunitateak bultzatutako Errekaren Asteari. Ekitaldian Arrasateko Ingurumen zinegotzi eta mankomunitateko kide den Josu Peredak ibaiak zaintzea duten garrantziaz mintzatu da. Peredak azaldu duenez, Deba ibaiak "oso bilakaera positiboa" izan du, eta Epeleko araztegia eraiki zenetik, nabarmen egin du hobera. Hala ere, argi utzi du zaintzak jarraitu beharra duela.
Bere ostean, dokumentala egin duten Lexeia Larrañaga eta Alex Gutierrezek hitz egin dute. Hauek dokumentalaren grabaketa prozesua eta bere mezua azaldu dute. Bi egileen hitzen ostean, estreinatu da Ura eta erreka Deba ibarrean.
Etxean egindako dokumentala
Mankomunitatearen enkargua jaso eta gero, Bergarako Avis produkzio etxeak Deba ibaiaren historia bildu eta urak duen garrantzia azaltzen duen Ura eta erreka Deba ibarrean filma egin zuen, "Deba ibaia ez ezik, bere ibaiadarrak ere grabatu ditugu", esan du Lexeia Larrañagak, Avis produkzioak ekoiztetxeko kideak.
Bideo hezigarria
Gaurkoa baina ez da azken emanaldia izango, eskualdeko beste herrietan ere emango baita. Horren ostean, bailarako ikastetxeen esku jarriko du dokumentala mankomunitateak, "bideo honen bidez ibaia eta ingurugiroarekin zaintza zabaldu nahi dugu, horretarako bere zabalkundea ezin bestekoa da", azpimarratu du Peredak.
Data zehatzik eman ez duen arren, Peredak azaldu duenez "aurki" eskainiko dute dokumentala eskualdeko gainontzeko herrietan. Ura eta erreka Deba ibarrean dokumentala mankomunitatea aurrera eroaten ari den errekaren astearen barruan kokatzen da.