Urriaren 25ean egingo dute Lore Gazteak dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko jai handia

Txomin Madina Milikua 2014ko urr. 7a, 21:15

Besteak beste, dantza ikuskizun berezi eta jendetsua eta bazkaria antolatu dituzte egun horretarako. Abenduan, arropen eta argazkien erakusketa bat jarriko dute Kulturaten, eta hitzaldiak eta tailerrak ere antolatuko dituzte.

Arrasateko Lore Gazteak dantza taldeak 50 urte bete ditu, eta gaur arratsaldean egindako agerraldian eman dute urteurren borobil hori ospatzeko antolatu dituzten ekintzen berri.

Taldeari zorionak emanaz hasi du agerraldia Kepa Urteaga Kultura zinegotziak: "Seguraski, beharrezkoa da Arrasateren historia laburrean jaiarekin, euskal dantzarekin eta sustrai tradizionalarekin zerikusia daukaten ekintzak, Lore Gazteak taldearekin ekintzekin lotzea".

Gogoratu du Udalarekin berarekin eta beste talde batzuekin elkarlanean, besteak beste Haur Dantzari Txikien Eguna, Errementari dantza, Txerri dantza, Olentzeroren eguneko Mutil eta Herri dantzak antolatu dituztela Lore Gazteak dantza taldekoek.

Taldearen jardueraren hainbat ezaugarri ere aipatu ditu Urteagak; hala nola, belaunaldi ezberdinetako jendea elkartzea, dantzak prestatzen, irakasten zein bestelako lanetan musu-truk egindako lana, eta jantzien aukeraketan eta prestaketan hartutako ardura.

Dantza ikuskizun "berezi eta jendetsua"

Urteurrena ospatzeko jai handia urriaren 25ean egingo dute eta dantza taldeko kide Agurtzane Lizarraldek azaldu duenez, orain kide diren eta aurretik kide izan diren 250 dantzarik eta musikarik hartuko dute parte bertan. Goizean Zaldibarren elkartuko dira, eta kalejira batekin emango diote egunari hasiera. Ondoren, herriko plazan dantza ikuskizuna eskainiko dute, Lizarralderen esanetan, ikuskizun "berezi eta jendetsua".

Bazkaria egingo dute ostean, eta azaldu dute edozein herritarri zabaldutako bazkaria izango dela. Bertara joateko, umeek 10 euro ordaindu beharko dute, eta helduek, 22. Dirua Laboral Kutxaren 3035 0001 560010129238 zenbakidun kontuan sartu beharko da urriaren 18a baino lehen, eta gogoratu dute ordainketa egitean izena eta abizenak eman behar direla.

Ospakizun jai handiari amaiera emateko, Fan & Go taldearekin erromeria egingo dute.

Abenduan, erakusketa

Jai handiaz gainera, eta data oraindik ere zehazteke dagoen arren, abenduan euskal arropen eta argazkien erakusketa jarriko dute Kulturaten, eta bertan, dantza taldearen ibilbidea eta Dragoi Produkzioak egiten dabilen bideoa egongo dira ikusgai.

Euskal janzkera tradizionalari buruzko hitzaldi bat ere antolatuko dute, baita eta buruko zapia nola jantzi erakusteko tailerra ere.

Erlazionatuak

50 urtez herrian dantzak loratzen

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014 urr 10 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak