Ibaia garbitzeko auzolana eta egitarau zabala Arrasateko Uraren eta Errekaren Astean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urr. 1a, 15:43

Aurten ere Uraren eta Errekaren Astea ospatuko da Arrasaten urriaren 11tik 19ra. Erakusketa bat, dokumental baten proiekzioa eta ibaia auzolanean garbitzeko eguna antolatu dute. Erreka urriaren 18an garbituko dute –Laubide plazan geratuko dira, 09:30ean– eta garbiketa antolatzeko bilera egingo dute urriaren 2an udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 18:30ean. 

Aurtengo Uraren eta Errekaren Astearen bailara mailako aurkezpena datorren astean egin behar bada ere, Arrasateko Udalak aurreratu du aurten ere erreka auzolanean garbitzea planteatzen duela, herritarren inplikazioa eta parte-hartzea sustatzeko: "Azkenean gure parte dira errekak. Herritarrok erantzukizuna onartu behar dugu eta errekari bueltatu behar dio neurri baten eman digun guztia. Erreka garbitzeak satisfazioa ere eman dezake eta horregatik ere gura dugu parte-hartzea sustatu", adierazi du ingurumen teknikari Nerea Laspiurrek. 

Iazkoa hobetu guran

Iaz garbiketa egunak ez zuen Udalak esperotako erantzunik izan. Jende gutxik egin zuen bat, eta horregatik aurten beste era batera planteatu dute deialdia: "15 bat lagun elkartu ginen, eta horietatik bost bat antolakuntzakoak ginen. Nahiko tristea izan zen, parte hartze baxua izan zuen. Aurten, baina, buelta erdi eman diogu kontuari eta herriko elkarte zein eragileei –eskolekin, esaterako, zuzenean jarri gara harremanetan– deialdia egin diegu bilera baterako, ea parte-hartzea handitzen dugun", dio Laspiurrek. Bilera bihar, urriak 2, egingo da udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 18:30ean. 

Egitarau zabala

Hala ere, Arrasateko Uraren eta Errekaren Asteko egitaraua ez da hor amaitzen. Urriaren 13tik 22ra Ura eta Hiria 2020 izeneko erakusketa bat egongo da Kulturaten. Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako proiektuak erakutsiko dira erakusketa horretan.

Era berean, Mankomunitateak Avis produkzioak enpresari enkargatutako dokumental bat ere erakutsiko dute urriaren 13an Kulturaten. Deba ibaiaren historia eta bilakaera jasotzen ditu dokumental horrek, besteak beste. Izan ere, garai baten Europako ur zikintsuenak izatetik ekosistema berreskuratzen hastera pasa gara azken hamarkadetan. Oraindik, baina, lan handia dago egiteko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak