"Gure erakundea, gure mugimendu soziala zorroztea. Zorroztu eta prestatu, hemendik aurrera izango ditugun eginbeharretarako". Horixe da Ordaindu plataformak gaur egin duen bigarren batzar orokorraren helburu nagusia. 400 bat bazkide elkartu dira Amaia antzokian, orain arteko ekintzen errepasoa egin, diru kontuak nola dauden argitu eta aurrera begirako ekimenak nola gauzatu erabakitzeko.
Lehendakariari bitartekari izan dadila eskatzen
Orain bertan euren eskaera nagusia zein den azaldu du Mikel Olabek: "Une honetan eskatzen ari garena da Lehendakariak bitartekaritza lanak egin ditzala Mondragon Taldea gurekin eseri eta akordio batera hel gaitezen, gure diruak nola ordaindu behar dizkiguten jakiteko".
"Bitarteko demokratiko guztiak erabiliko ditugu"
Hiru esparrutan ari dira lanean Ordaindukoak: mobilizazioen antolakuntza, arlo juridikoan egin beharrekoak eta erakundeekin lotu beharreko harremanak. Mondragon Taldeak laster egingo du presidente berria aukeratzeko kongresua eta harekin egoteko asmoa erakutsi dute Ordaindukoek, bitarteko guztiak agortu arte: "Presidentearen aurrean bitarteko demokratiko guztiak erabiliko ditugu. Eta guztiak diogunean, guztiak dira. Hau da, gure egoeraren errudunak direla uste dugu eta gurekin esertzeko asmorik ez badute mobilizazioekin jarraituko dugu".