Bizipozaren Jaia

Bizipozez abordatu dute Arrasate

Irati Goitia 2014ko ira. 21a, 20:43

Piratek abordatu dute Arrasate, buruan zapi gorria eta aurpegian irribarrea zutela. Izan ere, Bizipozaren Jaia egin dute gaur, Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak (ILGE), Arrasateko Udalak eta hainbat eragilek elkarlanean antolatuta.  

Jendetza batu da festarako. Biteri plaza eta Sebero Altube bizipozez gainezka izan dira. Besteak beste: puzgarriak, eskulanak, apar festa eta ikuskizunak izan dira umeentzako. Goizean, Porrotx, Pirritx eta Marimototsek alaitu dituztze Biterin batutakoak. Arratsaldean, berriz, Ane eta piratak igo dira taula gainera.

Elkarteen lana

Gaurko festa, baina, elkartasun jaia ere bazen. Irrien Lagunak Gizartegintzako Elkartekoek postuak jarri dituzte, euren lana ikusarazteko helburuarekin. Bertan izan dira, esaterako: Aspanogi, Chernobilen Lagunak, Bocalan Biak Bat eta Ume Alaiak. Izan ere, jai erraldoi honen helburua euskal haurrek eta familiek elkar laguntzea ere bada,  auzolan sare euskaldun eta alaia osatuz. "Nik Aspanogi guraso bezala ezagutu nuen. Minbiziak harrapatzen zaituenean blokeo une bat bizitzen duzu eta elkartekoek laguntza eskaintzen dizute, bidea errazten dizute. Sarri, baina, ez dugu jakiten norengana joan. Helburua da jendeari erakustea asko direla laguntzeko prest daudenak eta horretarako gaude hemen", adierazi du Jasone Giraldo, Aspanogiko gurasoak.

Sarituak

Irrizale sariak ere banatu dituzte goizean egin duten ekitaldian. Txatxilipurdik jaso du horietako bat. "Hogei urte bete ditugu aurten, eta egia esan, dena borobildu dugu honekin. Hala ere, gaurkoan konpromiso handia hartu dute herriko eragileek eta herritarrek. Ehun boluntario inguru gabiltza lanean. Beraz, saria guk jaso dugu, baina Arrasate osoarentzat dira eskerrak", esan du Ainara Kortabarria, Txatxilipurdiko kideak. Beste saria Ziburuko ikastolako gurasoek jaso dute. Arrasateko ikastetxeetako marrazkilari onenek ere hartu zituzten opariak eta baita Porrotxinek –Beñat Barrutia– ere Porrotxen eskutik. Pozik zen Barrutia: "Oso polita izan da, hunkigarria. Sei urte daramatzat dagoeneko eurekin kolaboratzen. Niretzako onena umeak pozik ikustea da". Horixe izan da festaren helburua: bizipoza. Eta ume zein heldu askok zuten irribarrea ahoan.

Erlazionatuak

Bizipozaren Jaia: Sari banaketa

Mirari Altube Arrese 2014 ira 21 Arrasate

"Bizipozez" gainezka dago Biteri plaza

Mirari Altube Arrese 2014 ira 21 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak