Jendetza batu da festarako. Biteri plaza eta Sebero Altube bizipozez gainezka izan dira. Besteak beste: puzgarriak, eskulanak, apar festa eta ikuskizunak izan dira umeentzako. Goizean, Porrotx, Pirritx eta Marimototsek alaitu dituztze Biterin batutakoak. Arratsaldean, berriz, Ane eta piratak igo dira taula gainera.
Elkarteen lana
Gaurko festa, baina, elkartasun jaia ere bazen. Irrien Lagunak Gizartegintzako Elkartekoek postuak jarri dituzte, euren lana ikusarazteko helburuarekin. Bertan izan dira, esaterako: Aspanogi, Chernobilen Lagunak, Bocalan Biak Bat eta Ume Alaiak. Izan ere, jai erraldoi honen helburua euskal haurrek eta familiek elkar laguntzea ere bada, auzolan sare euskaldun eta alaia osatuz. "Nik Aspanogi guraso bezala ezagutu nuen. Minbiziak harrapatzen zaituenean blokeo une bat bizitzen duzu eta elkartekoek laguntza eskaintzen dizute, bidea errazten dizute. Sarri, baina, ez dugu jakiten norengana joan. Helburua da jendeari erakustea asko direla laguntzeko prest daudenak eta horretarako gaude hemen", adierazi du Jasone Giraldo, Aspanogiko gurasoak.
Sarituak
Irrizale sariak ere banatu dituzte goizean egin duten ekitaldian. Txatxilipurdik jaso du horietako bat. "Hogei urte bete ditugu aurten, eta egia esan, dena borobildu dugu honekin. Hala ere, gaurkoan konpromiso handia hartu dute herriko eragileek eta herritarrek. Ehun boluntario inguru gabiltza lanean. Beraz, saria guk jaso dugu, baina Arrasate osoarentzat dira eskerrak", esan du Ainara Kortabarria, Txatxilipurdiko kideak. Beste saria Ziburuko ikastolako gurasoek jaso dute. Arrasateko ikastetxeetako marrazkilari onenek ere hartu zituzten opariak eta baita Porrotxinek –Beñat Barrutia– ere Porrotxen eskutik. Pozik zen Barrutia: "Oso polita izan da, hunkigarria. Sei urte daramatzat dagoeneko eurekin kolaboratzen. Niretzako onena umeak pozik ikustea da". Horixe izan da festaren helburua: bizipoza. Eta ume zein heldu askok zuten irribarrea ahoan.