Etorkizunerako, euskal unibertsitate sistema ezinbestekotzat jo du MUko errektoreak

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko ira. 19a, 16:23

Mondragon Unibertsitateak ikasturte akademiko berriaren irekiera ekitaldi ofiziala egin du gaur eguerdian. Bertan izan da Iñigo Urkullu, Lehendakaria eta besteak beste, azpimarratu du MUk garai berrietara egokitzeko izan duen gaitasuna. Josu Zabala MUko errektoreak ere hartu du hitza ekitaldian eta azpimarratu du "Euskal Unibertsitate Sistema ezinbestekoa" dela "Euskadiren etorkizunerako" eta unibertsitateak, berriz, "garapen ekonomikoaren eragile eta motore" direla.

Gaur eguerdian egin du Mondragon Unibertsitateak ikasturte akademiko berriaren irekiera ekitaldi ofiziala, eta bertan izan da Iñigo Urkullu lehendakaria.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarekin batera izan da Urkullu lehendakaria eta Arrasateko MUko Goi Eskola Politeknikoaren inguruan dagoen Iturripe pilotalekuan izan da ekitaldia.

Autoritateei ongietorria aurreskua dantzatzen eman ondoren, joan zen ikasturteko memoria akademikoa aurkeztu dute eta Goi Eskola Politeknikoko irakasle Jon Aurrekoetxea arduratu da irekitze-hitzaldiaz.

Josu Zabala MUko errektoreak esku hartu du ondoren. Azpimarratu du Euskal Unibertsitate Sistema ezinbestekoa dela Euskadiren etorkizunerako eta unibertsitateak, berriz, garapen ekonomikoaren eragile eta motor direla. Mondragon Korporazioaren eredu kooperatiboa ere defendatu du errektoreak. Eta gaineratu du ezinezkoa dela unibertsitateak eta gizartea mugiarazten duten enpresa eta erakundeek bi komunitate bereizi osatzea.

Ikuspegi akademikoagotik, Europako Unibertsitate Eremura egokitzearen ondorioz unibertsitatean sortu zen agertoki berriaren aukerak defendatu ditu Zabalak.

Beraz, unibertsitateak azken urteetan egin duen hedapen ahalegina ere azpimarratu du Zabalak.

Bestalde, errektoreak urtarrilean utziko du kargua; beraz, errektoretzan emandako zortzi urteengatik eskerrak emanez amaitu du hitzaldia. Bere taldeari eta Mondragon korporazioari eman dizkie, bereziki, eskerrak. 

Ondoren, Urkullu lehendakariak hartu du hitza eta Zabalaren ekarpenak aberatsak izan direla azpimarratu ostean, urteotan egindako lana eskertu dio. Urtarriletik aurrera Bixente Atxak hartuko du errektore kargua eta hari ongietorria eman dio Urkulluk.

Gero, MUk garai berrietara egokitzeko izan duen gaitasuna azpimarratu du. 

Lehendakariak jarraitu du esaten epe luzeko ikuspegi batekin ari direla lanean eta unibertsitate plana azken txanpan dagoela eta euren konpromisoa dela urtea bukatu aurretik onartzea.

Ekitaldi horrekin eman dio aurten hasiera ofiziala ikasturteari MUk.

Eta ekitaldi hori egiten ari ziren bitartean, eta Iñigo Urkullu lehendakaria Arrasaten izan dela aprobetxatuta, Ordaindu eta Eskuratu plataformakoek elkarretaratzea egin dute kanpoko aldean. Lehendakariari eta MCCri eskatu diote euren diruak ordaintzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak