Iñigo Arregi eskultore arrasatearraren obrak Amets-Kabi erakusketan izango dira

Jagoba Domingo 2014ko ira. 2a, 18:28

Chillida eta Basterretxea eskultoreen oinordekoek erakusketa aurkeztuko dute egubakoitzean Arantzazun. Amets-Kabi erakusketak zortzi eskultoreen lana erakusgai jarriko du hilabete eta erdiz, eta tartean Iñigo Arregi arrasatearraren lana egongo da. Arregik hiru obra aurkeztuko ditu, horietatik bi espresuki erakusketarako egindakoak.

Amets-kabi erakusketa aurkeztuko dute egubakoitzean Arantzazun, bertan Euskal Herriko zortzi eskultoreen lanak egongo dira ikusgai, tartean, Iñigo Arregi arrasatearraren hiru. Bere estudioan harrapatu dugu Arregi azken zertzeladak ematen. Arantzazun bere obra erakustea berezia izango dela aitortu du.

Artista bakoitzak hiru obra jarriko ditu erakusgai, eta Arregi arrasatearraz gain, erakustetan Ricardo Ugarte, Jose Ramon Anda, Jose Zugasti, Iñaki Ruiz de Eguino, Iñaki Oiarzabal, Koldobika Jauregik eta Guillermo Olmo eskultoreek ere hartuko dute parte. Xabier Saenz de Gorbea kritikoak azpimarratu du, Oteiza, Chillida eta Basterretxearen oinordekoak direla Amets-Kabi erakusketan parte hartuko duten artistak.

Arregik berak, metro bat eta hogeiko altuera duen Arantzazuko triangelua, erliebe bat eta tamaina txikiko eskultura bat erakutsiko ditu, lehenengo biak gainera, Amets-Kabirako espresuki egindakoak.

Erakusketaren aurkezpena egubakoitzean arratsaldeko 18:00etan egingo da, eta bertan zortzi eskultoreak eta Saenz de Gorbea izango dira. Publikoari ordea, zapatuan zabalduko dizkio ateak hilabete eta erdiz, urriaren 19ra arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak