Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak uda honetarako ere eguzkitik babesteko kanpaina jarri du martxan eta gaur iritsi da Debagoienera. Elkarteko boluntarioak Arrasaten izan dira goizean, herritarrei eguzkiarengandik babesteko aholkuak ematen. Izan ere, bizi ohituren aldaketa dela eta, azaleko minbiziak gora egin du azken hamarkadan, eta horrek arduratuta dauzka Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak. Hori dela eta, prebentzio kanpaina martxan jarri zuten, bi helburu nagusirekin. Batetik, Maider Sierra Minbiziaren Aurkako Elkarteko prebentzio arloko arduradunaren hitzetan, jendeari informazioa eman eta euren osasunaren arduradun bihur daitezen bultzatzea bilatzen dute, azaleko autoesplorazioak eta babes ohitura onak irakatsiz. Bestetik, jendea kontientziatu nahi dute, "azaleko minbizia norberaren bizi ohituren ondorio denez, gu geu garelako horren erantzule nagusiak" dio Sierrak.
Norberaren bizi ohiturak egokiak diren jakiteko, galdeketa labur bat egin diete gerturatu direnei, eta hori oinarri hartuta, proba bat egin diete. Neurketa bat egin diete, norberaren azalak eguzkiaren aurrean zenbaterainoko babesa eskaintzen duen argitzeko. Emaitzak kontuan hartuz, eguzkiarengandik babesteko aholku pertsonalizatuak eskaini dituzte Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko adituek. Dena den, argi azaldu dute azalean kalteak izatea saihesteko, denok dakizkigun aholkuak praktikan jartzea nahikoa dela. Eguerdiko orduetan eguzkitan ez egotea, hidratazioa eta arropa zein krema bidez azala babestea, beraz, ezinbesteko neurriak dira gure egunerokotasunean. Izan ere, elkartetik gogorarazi dute eguzkiaren erasoak ez direla hondartzara edo mendira goazenean bakarrik gertatzen, uneoro baizik. Gainera, arduraz begiratzen diete azken urteetako estetika modei, eguzkiarengandik babesteko baino, haren eragina areagotzeko joera sortu baitute. Sierrak dioenez, "lehen azala zuri izatea osasuntsu eta aberats izatearen erakusle zen, baina, orain, badirudi osasuntsu eta eder egoteko azala belztuta izan behar dela, eta ez gara konturatzen hori osasunaren aurka doala".
Gogorarazi nahi izan dute, eguzkipean azala erretzen ez bada ere, kalteak berdin berdin jasan ditzakeela, beraz normalean erretzen ez direnentzat ere, babestea beti dela beharrezkoa. Are gehiago haurren kasuan, oraindik hazten ari direnez, azalarentzat, arriskua handiagoa baita. Horregatik jartzen dute arreta berezia haur eta gazteen kontzientziazioan. Material didaktikoa erabiliz, saiatzen dira "txiki txikitatik azala babestea euren ardura izan dadin, eta ez gurasoena", azaldu du Sierrak.
Edonola ere, haur, gazte zein helduek euren azalaren arduradun izaten ikastea beharrezkoa dela dio Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Horregatik, norberaren gorputza ezagutu eta azaleko orbanak kontrolatzeko argibideak eskaini dituzte Arrasateko plazan.