Arrasateko Udalak 12 langile kontratatuko ditu irailean lanean hasteko

Jagoba Domingo 2014ko uzt. 9a, 15:32

Arrasateko Udalak 12 kontratazio egingo ditu datozen hilabeteetan Enplegua Sustatzeko planaren barne dagoen ekimenean. Herriko langabeak kontratatuko ditu interes publikoko lanak burutzeko eta hilaren 16 eta 23a bitartean eman beharko da izena, Lanbideko bulegoan edo webgunean.

Enplegua sustatzeko planak emaitzak eman ditu dagoeneko; urtarrila eta ekaina bitartean 23 kontratu egin ditu Arrasateko Udalak Foru Aldundiarekin eta Lanbiderekin elkarlanean; eta datozen hilabeteetan, beste 12 kontratazio egingo dituela esan du gaur Inazio Azkarragaurizar alkateak. Aldi baterako kontratazioak izango dira, sei hilabetetarako, eta horien finantziazio eta kudeaketa guztia, ehuneko ehunean, Udalak hartuko du bere gain.

Lan eskaintzan aurkezteko baldintza bakarrak, Lanbiden izena emanda egotea eta Arrasaten erroldatua egotea da, gutxienez sei hilabetez. Lan bakoitzaren arabera ezaugarri jakin batzuk bete beharko dira, baina aurreratu dute batxilergoko titulua izatea gutxienekoa izango dela.

Interes publikoko lanak burutzeko lan eskaintzak dira, besteak beste digitalizazio teknikaria postua, Neguko aterperako hezitzailea edo hondakinen bilketa sistemaren informatzailea. Izena emateko uztailaren 16a eta 23a artean, biak barne, Lanbideko bulegora edo Lanbideko webgunera jo beharko dute interesdunek.

Lanbideko bulegoan edo webgunean eman beharko da izena

Kontratazioez gain, beste hiru lerrok osatzen dute Enplegua Sustatzeko plana eta orain artean eman dutena eta aurrerantzean egingo dituzten planak ere aipatu ditu Azkarragaurizarrek.

Lanbai azokak izan zuen arrakasta aipatu du alde batetik, eta herriko enpresetan Arrasateko langabeak kontratatzeko laguntzak. Ekimen horretara 100,000 euro bideratu ditu Udalak.

Enplegua sustatzeko planaren laugarren lerroa beka programa bat izango da eta uda ostean jarriko da martxan; Saiolanekin eta enpresekin batera landutako programa da eta azken xehetasunekin dabiltza.

Ekimen horretara Udalak 50,000 euro bideratuko ditu eta irailerako zehaztuko dituzte xehetasunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak