Datorren azaroan, hondakinak biltzeko sistema berria indarrean sartuko da Arrasaten eta maiatzaz geroztik, Biztanleen Arreta Zerbitzuan, herritarren zalantzak argitzeko bulegoa zabalik dago. Diotenez, arrasatearrek oraindik urruti ikusten dute sistema berria eta oraindik ere bulegora ez dela jende asko gerturatu aitortu du Asier Etxanizek, Mankomunitateko hezitzaileak. Arrasateko sistema berriak gainera, orain hondakinak gaika banatzen dituztenentzat aldaketa handirik ez duela suposatuko gaineratu du; hala ere, azaroa hurbiltzen den heinean herritar gehiago hurbilduko direla suposatzen du.
Horrek ez du esan nahi orain artean ez dela inor gerturatu, gehienak baina zalantza zehatzekin edo auzo konpostaren inguruko zalantzekin joan dira bulegora. Udako ordutegia dela-eta aurrerantzean 10:00etatik 15:00etara egongo da zabalik bulegoa.
Enpresetara bisitak eta bilera informatiboa
Fase berri batean sartuta daude eta herritarrengana jotzeaz gain, Mankomunitateak enpresengana jotzeko beharra ikusi du. Horretarako datorren eguaztenean, hilaren 16an, udaletxeko osoko bilkura aretoan egingo dira bilerak, 11:00etan eta 18:30ean. Horrez gain baina, aste honetan hasi dira enpresa bakoitzera bisitak egiten, Kataideko industria-gunean hasi dira eta gaur Musakola ingurura joango dira. Helburua da Arrasateko enpresa guztietara joatea azterketa pertsonalizatu bat egiteko.