Gorka Zubizarreta, Beñat Osinaga eta Iñaki Telleria: "Helburua da instrumentua soziabilizatu eta irakastea"

Ane Elordi 2014ko uzt. 4a, 16:10

Arrasateko txalapartariek bigarren Txalaparta Festa antolatu dute biharko, uztailaren bosterako. Iazko arrakasta eta emaitza onaren ostean, aurten ere jaialadia egitea erabaki dute. Egun osoko egitarau zabala izango da, eta berrikuntza handiena Sestaoko txalapartarien parte hartzea izango da. Hamabi kidek osatzen dute taldea, eta azken ikastaroetatik eratorritako txalapartari berriak era taldera batu dira. Hiru partaiderekin elkartu da GOIENA, jaialdiaren eta taldearen inguruan jarduteko. [EGITARAUA]

Aurten bigarren edizioa egingo da, iazko emaitza onaren seinale.
Iaz, oso ondo baloratu zen ekintza izan zen. Ez da jaialdi erraldoia baina guretzat oso baliagarria izan zen. Izan ere, Debagoieneko txalapartariak bildu eta saretzeko aukera polita ematen du festak, baita txalapartaz eta emanaldiez gozatzekoa ere. Gure helburua ez zen txalapartaren inguruko jaialdi erraldoi bat egitea, baizik eta txalapartariek artean harremanak egitea, orain arte bailara mailan gabiltzanak ez baikinen ezagutzen.

Aurtengo txalaparta festak ze berrikuntza izango ditu?
Aurten diana bi tokitatik egingo da, Goikobaluko gaztelu zaharretik eta Altamirako igogailutik ere. Iaz bezala, txalaparta aztertu eta jotzeko aukera egongo da, Herriko plazan. Hala ere, gure ustez, arratsaldeko egitaraua da eguneko ekintzarik indartsuena, jende gehien mugituko duena: txalaparta saioak herriko taberna desberdinetan. Eta aurten nobedade handiena Sestaoko txalapartariak izango dira, egun Bizkaia mailan dagoen talderik indartsuena da eta emanaldi polita izatea aurreikusten da.

Beñat Osinaga, zu zara taldera batu den azken partaide. Zer dela eta?
Musika munduan ibilia naiz, eta beti izan dut txalaparta jotzeko nahia, betidanik erakarri izan nauen instrumentua da. Ikastarora joatea erabaki nuen, ondoren taldera batzeko eskaintza egin eta onartu nuen. Egunetik egunera txalaparta jotzen noan heinean, gero eta gogo gehiagorekin dihardut. Oso motibagarria da.

Txalaparta Festa zein helbururekin sortzen da?
Gure helburua txalapartaren alde lan egitea da, instrumentua soziabilizatzea eta jendeari jotzen irakastea. Egun musika arloa globalizatuta dago eta txalaparta bezalako instrumentu txikiak desagertzen hasi dira. Guk euskal kulturan bere berea duen musika instrumentu horren alde egin nahi dugu, sustatu eta belaunaldi berriei irakatsi.

Arrasateko Txalaparta Festara gerturatzen denak zer jasoko du?
Giro polita sortuko da. Batetik, txalapartari onak bilduko dira eta emanaldi ikusgarriak egingo dituzte. Bestetik, edozeinek izango du esperimentatzeko aukera. Gainera, irrintzilari, albokari eta bertsolariekin batera ere saioak egingo ditugu. Guretzat plazera da beste txalapartari batzuekin bikoteak aldatu ahal izatea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak