Arrasatek bigarren txalaparta festa hartuko du uztailaren 5ean

Goiatz Arana Begiristain 2014ko eka. 17a, 09:12

Arrasateko txalaparta taldeak 21 urte beteko ditu aurten: 1988. urtean hasi ziren herriko lehen txalapartariak elkartzen eta 1993. urtean sortu zuten Ttakun txalaparta taldea. Ordutik, jende ugari ibili da herrian txalaparta jotzen, ikasitakoak irakatsiz eta lekukoa gazteagoei utziz. Ttakunek txalaparta festa egin zuen iaz, lehendabizikoz, eta bigarrenez egingo du aurten; egun osoko egitaraua prestatu du uztailaren 5erako.

Egun osoan zehar, herriko txoko ezberdinetara  txalaparta doinuak zabaltzea izango du festak helburu.

10:00etan emango diote hasiera festari. Goikobaluko gaztelu zaharretik eta Altamirako igogailu berritik, txalaparta diana batek lau haizetara zabalduko ditu txalaparta doinuak.

11:00etan hasita, goiz osoan zehar, txalaparta saio libreak jotzeko aukera izango da herriko plazan jarritako lau txalapartetan; horietako bi umeentzako txalaparta txikiak izango dira. Eta horrekin batera, pintxoak eta tragoak dastatzeko aukera ere izango da.

13:00etan irrintzilariek saioa eskainiko dute herriko plazan eta ondoren Herri bazkaria izango da Udalpe elkartean. (Prezioa: 10 euro).

Arratsaldean beste herri batzuetako txalapartariez gozatzeko aukera izango da, tabernaz tabernako txalaparta saioetan, eta albokariek eta bertsolariek ere hartuko dute parte. Arrasateko txalapartariez gain, Bergara, Aretxabaleta, Urretxu eta Sestaoko txalapartariak izango dira, eta azken biek saio bereziak eskainiko dituzte.

  • 18:30 Iturriotz taberna, Arrasateko txalapartariak.
  • 19:00 Taupa, Bergarakoak.
  • 19:30 Ekaitz Aretxabaletakoak.
  • 20:00 Ezkina, Arrasatekoak.
  • 20:30 Irati, Urretxukoak.
  • 21:00 Arrasate, Sestaokoak.

Ikastaroak harrera "oso ona"

Txalaparta taldeak, Arrasateko Udalarekin elkarlanean, txalaparta ikastaroa antolatu zuen maiatzetik ekainera bitartean. Adin eta jatorri ezberdinetako hamar pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte, eta txalaparta taldeak balorazio oso positiboa egin du.

Ttakunkide ekimenak ere "erantzun positiboa"

Arrasateko txalaparta taldeak, bestalde, Tttakunkide ekimena jarri zuen martxan 2013an, herriko txalapartarien sarea sortu eta osatzeko helburuarekin; taldea handitu eta egonkortu gura dute. Bada, momentu honetan, 12 pertsonak osatzen dute Ttakun txalaparta taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak