Auzo-konposta eta autokonposta erregulatzeko ordenantza berria Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko uzt. 2a, 11:57

Auzo-konposta eta autokonposta erregulatzeko ordenantza berria onartu zuen atzo Arrasateko udalbatzak. Egungo zein etorkizuneko konpost guneak arautu eta erabiltzaileen eskubide zein betebeharrak zehazten ditu ordenantzak. Udal Gobernuak eta alderdi sozialistak alde bozkatu zuten eta EAJk, berriz, kontra.

Arrasaten auzo-konposta eta autokonposta erregulatzeko ordenantza berria onartu zen atzoko osoko bilkuran. Ordenantza berriaren helburu nagusia da egungo konpostatze guneen eta etorkizunean eraikiko direnen erabilera arautzea. Era berean, erabiltzaileen eskubide zein betebeharrak zehazten ditu arautegiak.

Hondakin organikoa konpostatzen duen herritarrak hobariak jasoko ditu, Bilduko bozeramaile Maider Morrasek nabarmendu zuenez: "Organikoa bere kabuz birziklatzen duenak 30 euroko beherapena izango du zabor-tasan".

Ingurumen batzordean askotan eztabaidatutako gaia

Udal Gobernuak eta alderdi sozialistak alde bozkatu zuten. Bi talde horietako ordezkariek nabarmendu zuten gaia askotan eztabaidatu dela Ingurumen batzordean baina hori horrela izanda ere, alderdi jeltzaleko ordezkariak ez daude ados ordenantza berriarekin.

EAJ-ko bozeramaile Juan Karlos Garitanok uste du ordenantzako hobarien atala baztertzailea dela. Honako arrazoiak eman zituen, besteak beste: "Makina bat konpostatzaile daude Arrasaten ez dituztela animalien zein sukaldatutako hondakinak konpostatzen, konpostaren kalitatea txikitzen duelako. Era berean, familia guztiek ez dute aukera konposta egiteko eta beraz, neurri baztertzailea da. Konposta sustatu eta babestu behar dela uste dugu, baina diskriminazio barik".

Jeltzaleen iritzi horren aurrean Bilduk uste du ezinezkoa dela konpostatzen dena kontrolatzea: "Ezinezkoa da bereiztea nork konpostatzen duen ondo eta nork txarto. Ez diogu guk bakarrik, PSE-EEk ere hala onartu du. Asko eztabaidatu da gai horren inguruan baina EAJk planteatzen duena ezin denez praktikara eraman, ez dugu ulertzen zergatik bozkatu duten aurka". 

Alegazioetarako epea

Gaur ezkero ordenantza berria 30 egunez jarriko da jendaurrean, interesatuek gura duten iradokizun zein alegazioak egin ditzaten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak