Basterretxearen 'Akelarre' eskultura eta dantza bateratuta, besteak beste, Udazabalen

Jagoba Domingo 2014ko eka. 30a, 18:17

Aurten ere Udazabal ekimenak musika, magia, zirkua eta dantza Arrasatera ekarriko ditu uztailean. Rafael Lechowski Jazz laukoteak, Kukai dantza taldeak eta Jon Zabal magoak girotuko dituzte kaleak.

Egubakoitzean, Arrasate Musikaleko Big Band-ak emango dio hasiera Udazabal ekimenari. Monterron parkean, azkenengo urteetako ohiturari jarraituz, kontzertua eskainiko dute 22:30ean hasita.

Jon Zabal magoa izango da hurrengoa, uztailaren 11n, Sucesos lanarekin etorriko da bigarrengoz Arrasatera. Duela bi urte Udazabali esker bertan egon zen eta izandako arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute. Zirkua ere protagonismoa izango du aurten, The Funes Troup taldearekin uztailaren 13an eta Malas Compañiasekin hilaren 20an.

Arrasate Musikaleko Big Band-aren kontzertuaz gain, Monterron kontzertu berezi baten testigu izango da; Rafael Lechowski Jazz laukotearena, hain zuzen, uztailaren 19an. Lechowskik jazz musika poesiarekin eta hip-hoparekin uztartzen ditu eta azken urteotan rap-jazzaren aitzindari izatearren egin da ezagun.

Dantza da Arrasatera ekarriko duten beste diziplina. Alde batetik, Poloniako Warszawianka dantza tradizional taldea etorriko da hilaren 25ean; eta bestetik, 27an Kukai dantza taldeak Nestor Basterretxearen Akelarre eskulturaren inguruan Cesc Gelabert koreografoaren dantzak egingo ditu, Gelajauziak izeneko obran.

Eguraldi txarrarekin Amaia antzokian eta Biteri plazan

Beraz, uztailaren 4a eta 27a bitartean, hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da Arrasaten; Monterron parkean, Seber Altube plazan eta Herriko Plazan. Emanaldi guztiak doakoak izango dira eta eguraldi txarra eginez gero, Monterron parkeko kontzertuak Amaia antzokian egingo dira eta Seber Altubeko ikuskizunak, berriz, Biteri plazan.

 

  • EGITARAUA

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak