Postu ugari egon dira plazan eta jendearen erantzuna ere parekoa izan da, arrasatearrek herriko plaza bete baitute. Besteak beste, Nepal edota Peruko jakiak izan dira azokan, baina gertuagoko platerak dastatzeko aukera ere izan da, Galiziako sukaldarien eskutik. Askok lehen aldiz egin dute topo urruneko zapore indartsuekin eta batzuentzat minegiak baziren ere, beste batzuentzat aurkikuntza interesgarria izan da gaurkoa.
Gainera, zaporeak bakarrik ez, kultura ezberdinetako doinuek ere egin dute topo Kulturarteko azokan. Izan ere, trikitixa eskolakoek erakustaldia egin dute eszenatokian eta, horren ondoren, azokan parte hartu dutenek euren kulturetako dantza tradizionalak ezagutarazi dituzte. Gaurkoan, beraz, kultura, hizkuntza, jaki eta doinuen arteko nahasketa aberatsa izan da, San Juan jaiei agur esateko.