Ekocenterra zabalik dago Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2014ko eka. 11a, 12:42

Gipuzkoako hirugarren Ekocenterra da Arrasateko Musakola auzoan goizean estreinatu dutena. Berrerabilpena eta ekonomia solidarioa sustatzea dira azalera handiko instalazio berriaren helburuak. Emausek ireki du, Arrasateko Udalak utzitako lokalean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 511.000 euro jarri ditu.

Musakola auzoan, Asam-eko lehengo pabiloian, dago Ekocenter berria eta bertara eraman ahal izango dira erabilerarik ematen ez zaien artikuluak, aprobetxamendua luzatzeko. Eta artikulu horiek etxez etxe ere bilduko dituzte, aurrez deituz gero (943 771 871).

Azpiegitura berria ekonomia solidarioko enpresa baten bitartez kudeatuko da eta bi funtzio nagusi beteko ditu:

  • Erabilerarik ez duten objektuak berreskuratzea eta birziklatzea. Horretarako, horien bilketa, kudeaketa eta salmenta burutuko ditu Emausek.
  • Kaltetuta dauden kolektiboen gizarteratzea.

Ezaugarriak

Bi solairutan dago banatuta.

Lehenengo solairuak 1.368 metro koadro ditu eta bertan daude:

  • Berreskuratutako materialen kudeaketarako eta prestaketarako tailerrak.
  • Objektuen aprobetxamendurako (eraldaketa, konponketa edo birziklapenaren bitartez) prestakuntza ekintzak.
  • Biltegia.
  • SINdesperdicio tailerra (Emausek duen poltsa eta osagarri eko-solidarioen marka, iragarki-banderatxoen hondakinetatik abiatuz sortutako artikuluak).

Bigarren solairuak 1.200 metro koadro ditu, eta lehen fase honetan horietatik 400 egokitu dira. Bigarren solairuan, bigarren eskuko artikuluen salmenta egingo da.

Ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
  • Zapatuetan, goizez bakarrik: 10:00etatik 13:00etara.

Emausen Zaldibarko denda itxi

Mota guztietako altzariak, arropak, osagarriak, liburuak, objektuak, etxerako artikuluak... egongo dira Ekocenterren, lehen Zaldibarko dendan salgai zeuden bigarren eskuko artikuluak. Ecocenterra irekita, itxi egingo dute Zaldibarko denda, eta bertako sei pertsonako lan-taldea bi lanpostu berrirekin indartuko da, etxez etxeko bilketa zerbitzua indartzeko asmoz.

"Hondakinen sorrera prebenitzeko"

"Donostialdearekin eta Bidasoarekin batera, Debagoienak ere badu, jadanik, hondakinen sorrera prebenitzeko azpiegitura bat. Berrerabilpena eta birziklapena, biak, sustatuko ditu, europar hierarkiak hondakinen kudeaketarako markatzen duen bezala", adierazi dute bultzatzaileek, aurkezpen ekitaldian.

Ildo horretatik, Arrasateko Udaletik adierazi dute Zero Zabor filosofia bultzatzen ari direla, berrerabilpena, birziklapena eta hondakinen gaikako bilketa sustatuz. Eta gaineratu dute norabide horretan, pauso "esanguratsuak" eman dituela Udalak; zehazki, apustu "potoloa" egin duela, Arrasaten Ekocenterra jarriz: "Jarduera hori garatu dezan ASAM pabiloiaren zati bat alokatu diogu Emaus Fundazioari 25 urterako eta prezio sinbolikoan, urtebeteko aldietan luzatzeko aukerarekin".

Ildo horretatik, Emaus eta Udala aspalditik egiten dabiltzan elkarlana azpimarratu dute, Nafarroa etorbideko gizarteratze tailerrarekin eta dendarekin "geroz eta emaitza hobeak" lortzen ari dela esanez, sozialki nahiz ingurumen ikuspegitik.

Aldundiaren laguntza "ezinbestekoa"

Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektura bideratutako 511.000 euroren harira adierazi dute laguntza hori "ezinbestekoa" izan dela Ekocenter berria zabaldu ahal izateko, eta Gipuzkoan berrerabilpenaren eta birziklapenaren aldeko lanari bultzada emateko.

Emausen gaineko hainbat datu

  • Goizeko aurkezpen ekitaldian, hainbat datu ezagutarazi dituzte:
  • Gaur egun, Gipuzkoan, hiri jatorriko tamaina handiko 10.000 tona hondakin inguru sortzen dira, eta horietatik %21 Emausek kudeatzen ditu.
  • Dituen baliabideen bitartez, %65 berrerabili egiten da, %15 birziklatu egiten da eta gainontzekoa zabortegira doa. Oihalen (arropen) kudeaketan, Emausek zero zabor sortzea lortzen du.
  • Ekocenter eta Ekoshop saltokietan, berrerabilpenaren zirkulua ixten da, bigarren eskuko artikuluen salmentarekin. Horren eraginez, urtero berrerabiltzen dira: 80.000 inguru bazarreko artikulu, 12.000 altzari, 25.000 liburu baino gehiago, 200.000 arropa eta 3.500 tresna elektriko eta elektroniko baino gehiago.
  • Dituen salmenta guneetatik, urtero, Gipuzkoan, 114.000 bezero baino gehiago pasatzen dira.
  • Erabilerarik ez duten artikuluen aprobetxamendu sistema honek zabortegien tratamenduko 390.000 euro aurreztea suposatzen du.
  • Gizarteratzeko enpleguak sustatzen ditu, eta Gipuzkoan, 65 langile ditu, batez beste. Azken 15 urteotan, Emausen, 250 pertsonak baino gehiagok izan dute enplegu aukera bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak