Gorputzaren postura berriro hezten edo berrorekatzen laguntzen du K-Stretch izeneko metodo berritzaileak. Danilo Barzio da metodoaren asmatzailea eta Arrasateko Uarkape pilotalekuan egokitu duten K-Stretch gunean izan da goizean erakustaldia egiten.
Metodo hori eskaintzen duen Debagoieneko lehenengo gunea da Arrasatekoa eta Gipuzkoan beste kiroldegi batean bakarrik eskaintzen dute. Baina zer da zehazki K-Stretch metodoa? "Jarreraren gimnasia edo gimnasia postural bat da. Posturan egiten du lan eta modu positiboan jarduten du gorputzeko posturan", azaldu du Barziok.
Gorputzaren postura berriro hezten laguntzen du beraz, eta ondorioz, postura txarrak zuzentzeko da baliogarria. "Ahalbidetzen du jardutea modu onuragarrian eta positiboan tentsio muskularren gainean, molestietan, bizkarreko minean edo lepokoan", zehartu du Barziok.
Metodo hori egiten dutenen bizi kalitatea hobetu egiten dela azaldu dute eta Iratxe Aranburu Arrasateko kirol teknikariak esan du perfil ugaritako pertsonendako dela egokia metodoa: kirolarientzat, gazteentzat, adinekoentzat, haurdun daudenentzat... Bestalde, zehaztu du Uarkapen ezarri dituztela K-Stretch-a praktikatzeko hamakak, kirol gune honen erabilera indartu nahi dutelako.
Hemendik aurrera, beraz, K-Stretch metodoa probatu nahi dutenek, Arrasateko Uarkapen dute horretarako gune bat egokituta. Ate irekiak egingo dituzte ekainaren 17an. Saioak izango dira: 17:00etan, 17:45ean, 18:30ean eta 19:15ean.