Iaz antolatu zuten Lanbai azokaren lehen edizioa. Izandako arrakasta ikusita, aurten egitasmoaren edizio berria egingo dute. Mondragon Unibertsitateak eta Arrasateko Udalak elkarlanean egindako jarduera izango da, eta beste erakunde eta eragileen laguntza ere izango dute: Arrasate Geroa Ganoraz, Eures, Lanbide eta Eusko Jaurlaritza. Azokak lau gune izango ditu: lan poltsa eta orientazio gunea, curriculumak uzteko enpresa gunea, elkarrizketa gunea eta unibertsitateak duen formazio espezializatuari zuzendutako gunea.
Mondragon Unibertsitateko Iosu Zabalaren esanetan, "laneratze datuak positiboak dira, baina ez dira nahikoak". Egoerari aurre egiteko, zenbait ekimen sortzeko prest agertu da Zabala, baita Arrasateko Udala ere, "langabeziaz kezkatuta" baitaude. Hori dela eta, Inazio Azkarragaurizarren esanetan, elkarlana da oinarri, "lana sustatzeko plan orokorra unibertsitatetik harago eraman nahi dugu". Orain arte, ez dute arlo horretako hitzarmenik egin erakunde biek.
Bestalde, ekainaren 16tik 18ra hitzaldiak antolatu dituzte Kulturaten, 18:00etan. Enplegua eta laneratzea izango dituzte hizpide, irekiak izango dira eta askotariko gaiak landuko dituzte, esaterako, interneten ospea eta lan elkarrizketak prestatzeko tailerra.