Doke antzerki taldeak hamar urte betetzen ditu aurten eta urteurrena ospatzeko Galderak izeneko lana aurkeztuko dute datorren asteburuan. Estreinakoa Aramaioko kultur etxean egingo du Arrasateko antzerki taldeak; izan ere, azken entseguak bertan egiten ari direla esan dute, iluminazioa, eszenaratzea eta azken ukituak moldatzeko. Maiatzaren 31n egingo dute estreinaldia eta 2013ko irailean hasi zuten prozesuaren lehenengo jomuga izango da; hala ere, bete zer hobetu eta zer aldatu dagoela azpimarratu dute.
Gaurko prentsaurrekoan antzerki taldeko hainbat aktore egon dira, Itziar Rekalde zuzendariarekin batera. Rekaldek azpimarratu du, aktoreek izugarrizko lana egin dutela beste behin, ofizio handia erakutsiz.
Obra arina baina sakona aldi berean
Galderak, obra arin bezala definitu dute egileek, ikusteko eta gozatzeko erraza; hala ere, horrek ez du esan nahi gai sakonak ez dituztela jorratzen. Pertsonaiek galderak planteatuko dituzte taula gainean, eta asko erantzunik gabe geratuko direla gaineratu dute; egunerokotasunean gizarteak planteatzen dizkigun galderak.
Jose Mari Velez de Mendizabalek idatzitako testua moldatu du Rekaldek beste behin; hala ere, testu bat baino gehiago eman zizkiola aitortu du zuzendariak eta idatzi guztien artean Galderak antzezlana bihurtu den testua aukeratu zuen. Testu originala bakarrizketa bezala zegoen planteatuta, eta horri antzeztu al izateko forma eman diote.
Estreinakoa maiatzaren 31an Aramaion
Esan bezala, estreinakoa datorren zapatuan izango da, baina dagoeneko beste emanaldi batzuk lotuta dituztela esan dute. Besteak beste Aretxabaletan eta Arrasaten, aktoreen herrian obra ikusteko baina, abendura arte itxaron beharko dute ikusleek. Horrez gain, Paradisuko atean obrarekin egin zuten bezala, Arabako Foru Aldundiarekin hitzarmena lortzea espero dute, horrela udatik aurrera Galderak Arabako hainbat herritarra eraman ahal izateko.