Mikel Otelo: "'Fracking'-a debekatu dezaten, kanpaina bat jarri dugu martxan"

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko mai. 7a, 12:37
'Fracking'-a hidrokarburoak ateratzeko teknika bat da eta horrek eragin ditzakeen kalteez ohartarazteko, hitzaldia egin zuten atzo, martitzena, Arrasateko gaztetxean. Estatu Batuetan garatutako teknika bat da 'fracking'-a eta Euskal Herrian ere teknika hori erabili nahi dute, baita Debagoienean ere. Teknika horren erabilerari aurre egiteko, herritarrak mobilizatu eta informatu nahi dituzte.

Estatu Batuetan garatutako hidrokarburoak ateratzeko teknika bat da fracking-a. Lur azpian presio handiz oso sakon hainbat produktu sartuz, lur azpiko arroka geruzak apurtu eta hor azpian egon daitekeen gasa libratu eta lurrazaleratzeko asmoz egindako teknika da, hain justu. Gaur egun Europa mailan, Espainian eta Euskal Herrian garatu eta erabili nahi dena.

Fracking-aren teknikak hainbat kalte ekar ditzakeela jakinarazteko, eta horri buruzko informazioa zabaltzeko, Arrasateko gaztetxean hitzaldia eman zuen fracking-aren aurkako mugimenduko Mikel Otelo arabarrak. Eta esan zuen teknika bera oso bortitza dela baina hauxe dela eragiten duen kalterik larriena: "Kalterik handiena da prozesu hau ehundaka eta milaka aldiz egin behar dela, beraz, eragin oso handiak ditu lurraren okupazio aldetik, ur eta aire kutsadurari dagokionez... eta beste hainbat kalte ere eragiten ditu".

Fracking-a egiteko bizpahiru baimen daude Gipuzkoan, Mikel Otelok esandakoaren arabera. Baina gaur egun eskatutako baimenak dira bakarrik, onartu gabekoak. Sustraia izena duen baimenak, hain zuzen, Debagoieneko bailara oso-osoan harrapatzen duela azaldu zuten hitzaldian: "Konkretuki Gipuzkoa mailan, Debagoiena bailara oso-osoan harrapatzen du, gehien bat Sustraia izena duen baimen batek. Gero, aldamenean badago Landarra izeneko beste baimen bat tolosalderaino iristen dena".

Kanpaina bat martxan

Beraz, fracking-aren aurkako mugimendukoek diote teknika hori gurean ere erabiltzen bada, kalteak ere igarriko direla inguruan. Ondorioz, eta teknika hori saihesteko asmoz, fracking-aren aurkako mugimenduak osatzen ari dira. Gipuzkoan oraindik taldea sortu gabe dago baina taldea sortzea nahi dute eta jendeak ekimen honekin bat egitea nahi dute: "Fracking-aren aurkako mugimendu guztiak aurkeztu dugu herri ekimen legegile bat eskatuz Eusko Legebiltzarrari fracking-a debekatu dezan eta kanpaina horretan gabiltza, momentuz uztailera arte iraupena duen kanpaina bat".

Beraz, jendea kanpaina hori sinatzera animatu nahi dute fracking-aren aurkako mugimendutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak